Traineru denboraldiaren lehen asteburuan bandera etxeratzea lorpen handia bada irabazlearentzat, zer esanik ez 20 urterekin debuta egin, eta aurreneko bandera irabazi duen arraunlari batentzat. Igandean, Coruñan (Galizia) lortutako garaipena luzaroan geldituko zaio iltzatuta Luda Davidenko (Gostomel, Ukraina, 2000) Orioko arraunlariari. «Herenegun bizi izan nuena ezin dut hitzekin azaldu. Zerbait berezia izan zen, eta bizitza osoan gogoratuko naiz». «Harro» dago Orioko emakumezkoen taldeko partaide izateaz.
Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldeak larunbatean eman zuen banderaren lehiarako lehen kolpea, eta hurrengo egunean, berriz, errematatu. «Bezperan, Donostiarrari lau segundoren aldea atera genion, eta igandean, estropada irabazteko asmoz atera ginen». Baita atera ere. Txiki ontziak irteera «oso indartsua» egin zuen. «Baina albora begiratu, eta ziabogara arte Donostiarra eta Hondarribia ondoan genituen. Bi talde horiekin ez zegoen askorik fidatzerik».
Estropadaren aurretik, Zabaletak arraunlariei esan ziena gogoan du Davidenkok. «Ziabogatik irten eta lehenengo olatua harrapatzen zuen taldeak aukera handiak izango zituen estropada irabazteko». Esan eta egin. «Nadeth Agirre patroiak animoak eman zizkigun, eta poparean abantaila handitzea lortu genuen». Oriotarrei ez zien garaipenak eskuetatik ihes egin.