Denboraldiko lehen bandera erdietsi dute Orioko neskek

Karkara 2020ko uzt. 5a, 16:15

Nagusitasunez irabazi dute gaurkoan ere Bandeira Cidade da Coruñako bigarren jardunaldian.

Sendotasuna erakutsi dute Orioko emakumezkoek Euskotren ligaren hasieran. Atzo erakutsitako nagusitasun berarekin irabazi dute gaurkoan ere, eta, ondorioz, Coruñako bandera, denboraldiko lehena, etxera ekarri dute. Iazko dinamikari jarraipena emateko itxura du aurtengo traineruak, nahiz eta pandemiaren eraginez zalantza handiak zeuden klubean.

Bandeira Cidade da Coruñako bigarren jardunaldiko estropada jokoan, Orio buru jarri da berehala gaurkoan ere. Banderaren lehian aurkari izan ziteken Donostiarra, ordea, atzean geratu da, eta orpoz orpo Hondarribia izan du; horiekiko aldea handia zen, 18 segundoko, trapua lortzeko bidean. Ziaboga hartu eta poparian aldeak handitu ditu Oriok, eta irmo irabazi du, 11:29,26ko denborarekin, nahiz eta Donostiarrak aldeak murrizten joan den eta bigarren sailkatu den, 4,90 segundora. Hirugarren Hondarribia izan da, 6 segundora, eta laugarren Arraun Lagunak, 21 segundora. Azkenean, atzoko sailkapena errepikatu da gaurkoan.

Oriok talde trinkoa duela erakutsi du, eta, gainera, harrobiko lanari garrantzia ematen diola nabarmen geratu da asteburu honetan. Izan ere, Edith Urangak eta Luda Davidenkok egin dute debuta Oriorekin, eta Lukene Lizasok bere lehen bandera irabazi du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide