Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster euskal presoen alabak, Xuak, hiru urte bete zituen atzo, hilak 19. Hortaz, Espainiako Espetxe Legeak aginduta, Picassent espetxea (Valentzia) utzi behar izan du haurrak. Bertan dituzte preso gurasoak, baina aurrerantzean, ez da haiekin kartzelan biziko. Atzo irten zen Picassentetik, eta amaren sorterrian biziko da hemendik aurrera, Usurbilen, gurasoengandik 600 kilometrora. Uranga oriotarrak zein Lasagabasterrek dagoeneko bete dituzte haien aurkako kartzela zigorren hiru laurdenak. Bigarren graduan daudenez, egun batzuk espetxetik ateratzeko baimena eskatu zuten, baina ukatu egin die Zaintza epaileak.
Sare plataformak ekitaldi jendetsua antolatu zuen atzorako, Xuaren eta, orokorrean, gurasoetako bat edo bi gurasoak preso dituzten haurren egoera salatzeko. Beraz, atzo "motxiladun umeak" direlakoak eraman zituzten erdigunera Donostiako Atano III.a frontoian, Motxilak gora izeneko ekitaldian. Sarek aldarrikatu zuen Xuaren gurasoek ere etxean behar dutela berekin batera, eta plataformako bozeramaile Inaxio Oiarzabalek nabarmendu zuen "espetxe politika aldatzeko garaia" dela.
Ekimenean, Xuak zein gainontzeko "motxiladun haurrek" gurasoekin bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuten bertaratutakoek. Azkeneko datuen arabera, ehundik gora dira gurasoetako bat edo biak giltzapean dituzten umeak.
Bestalde, Usurbilen elkarretaratzea izan zen atzo, Xua Gurasoekin Etxera plataformak deituta. Argazki jendetsua atera zuten bertan.