Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua estropadaren buruan jarri da hasieratik, aurkariei ontzi bateko errenta aterata, eta aldea handitzea lortu dute, estropada aurrera joan den heinean. Beraz, historian lehen aldiz Kontxako Bandera irabazi dute Orioko neskek.
Zaletuak arranplan ospatu dute garaipena, eta tartean zen Orio Arraunketa Elkarteko lehendakari Ibon Huegun ere. Elkarteko presidentea oso pozik agertu da emakumezkoen traineruak egin duen lanarekin. "Denboraldi historikoa izan da aurtengoa, liga eta Kontxako Bandera irabazi baititugu. Taldea osatzen duten arraunlari guztiak eta entrenatzaileak zoriondu nahi ditut lan bikaina egin dutelako eta taldearekiko konpromisoa erakutsi dutelako urte guztian zehar".
Bestalde, arraun elkarteko presidenteak zaletuen jarrera ere goraipatu nahi izan du Donostiako arranplan. "Kolore horia nagusi da gaur Donostian, eta guretzat zaletuen babesa eta bultzada ezinbestekoak dira".
"Hamar urtetako lanaren emaitza"
Estropada amaitu eta bandera jaso dutenean, harrera beroa egin diete oriotarrek emakumezkoen ontziko arraunlariei. Donostiako arranplan, Nadeth Agirre patroiak nabarmendu du, gaurko estropadan "gozatu" egin dutela arraunean. "Hala ere, esan nahi dut gaurko garaipena hamar urtetan egindako lanarekin emaitza dela".