Zalantzarik gabe, ETE liga oso parekatua izan da, azkeneko asteburura arte liga pil-pilean egon delarik. Liga hasieran Hibaika indartsu hasi bazen ere, 5 traineruk (Hibaika, Zumaia, Tolosaldea, Deustu eta San Juan) bandera bat behintzat irabazi dugu. Emakume arraunlari bezala, oso positibotzat hartzen dut, guztiok ere lan handia egin dugulako eta azken finean gure ligak izan duen ikusgarritasunaren eta gogortasunaren isla delako. Ezin aipatu gabe utzi beraz, 11 traineru izan garela ligan eta arraunak altxatzeko aukerarik izan ez duten arraunlariak ere txapeldun handiak direla: emakumeen arraunean sinesteagatik eta borrokan jarraitzeagatik.
Gure traineruak burututako liga baloratu beharko banuke, oso harro egoteko moduko lana egin dugula iruditzen zait. Askotan aipatu dudan bezala, ekipo berri bat gara eta bigarren postua lortzea izugarria da. 5 bandera lortu ditugu ligan, ametsetan ere sinistuko ez genituen 5 garaipen. Guztiak izan dira bereziak; baina nik uste hotzean pentsatuta, gure garaipenik handiena trainerua berriro ere uretan borrokarako prest ipintzea izan da. Ondorioz, eskerrak eman besterik ez daukat Zumaiako Telmo Deun osatzen dugun orori guzti hau posible egiteagatik. Baina batez ere nire taldekideei, hainbeste maite dugun kirol honetaz elkarrekin disfrutatzeagatik. HANDIAK ZARETE.
Dakizuen bezala, denboraldia oraindik ez dugu amaitu, urteko zitarik garrantzitsuenak falta zaizkigu: Kontxa eta Eusko Tren ligarako Play Off-a. Aurtengo Kontxan, emakumezkoen mailan errekorra ipini dugu 21 trainerurekin (Donostiarra barne). Berri ona zalantzarik gabe baina baita presioa ere. Urtero egoten da garesti klasifikatzea, baina ostegunekoa oso gogorra eta estua joango dela iruditzen zait. Zumaiarra izanda eta eskatzea libre denez, polita izango zen ahalik eta zaletu gehien gorriz jantzita hurbilduko balitz, zuen babesa garrantzitsua delako guretzat. Gu behintzat saiatuko gara azkeneko paladara arte daukagun onena ematen. AUPA ZUMAIA!