Argazkiak: Joxemari Olasagasti
Igandean Hondarribian, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak amaitu zirenean, "elkartea denboraldi historikoa bizitzen ari dela" aitortu zuen Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kide Iñaki Arostegik ETB1an. Eta ez da gutxiagorako, emakumezkoen traineruak Euskotren liga irabaztea lortu du lehen aldiz, eta gizonezkoen A eta B ontziak liderrak dira Eusko Label eta KAE 2 ligetan. Horrez gain, elkarteko arraunlari Leandro Salvagnok urrezko domina eskuratu du Joko Panamerikanoetan Uruguaiko selekzioarekin, eta asteburuan harrobiko gaztetxoek ere bandera sorta irabazi dute Kantabriako Pontejos herrian jokatutako batel estropadak.