Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen traineruak lan bikaina egin du gaurko estropadan, eta Hondarribiako bandera irabazteaz gain, matematikoki Euskotren liga irabaztea lortu du. "Itxutu gabe, estropadaz estropada ahal duten lanik txukunena" egiten saiatu dira Orioko neskak denboraldi osoan zehar, eta ahaleginak emaitzak eman ditu. Emakumezkoen trainerua sortu zenetik hamar urte beteta, lehen aldiz Euskotren liga irabazi baitute oriotarrek.
Gizonezkoen lehian, Orio ohorezko txandako estropadaren buruan jarri da bigarren luzean, eta pare bat traineruko errenta mantentzea lortu du estropada osoan zehar, Hondarribiako Bandera irabaziz. Bigarren txandan arraunean egin duen Urdaibai bigarrena izan da, eta Zierbena hirugarrena. Aipatu beharrekoa da, Mikel Orbañanos oriotarrak zuzentzen duen taldeak azken luzean eginiko lana, poparean aurkariek ateratzen zioten hamalau segundoko errenta nabarmen txikitzea lortu baitu.
Elkarteko ordezkariak "oso gustura" daude asteburuan lortutako emaitzekin. "Asteburu borobila izan da guretzat: gizonezkoen A eta B traineruek bandera bana lortu dute, emakumezkoeK bi, eta elkarteko arraunlari Leandro Salvagnok urrezko domina eskuratu du Joko Panamerikanoetan. Denboraldi historikoa bizitzen ari gara".