Orioko emakumeak garaile izan dira Sestaon; gizonezkoak hirugarren

Karkara 2019ko uzt. 21a, 17:31

Sestaon jokatu dituzte gaur Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak. Oriok beste bandera bat irabazi du emakumezkoetan; gizonezkoak, berriz, hirugarren izan dira.

Denboraldi galanta ari da egiten Orioko emakumezkoen trainerua Euskotren ligan. Atzo etxeko bandera irabazi zuten, eta gaur beste garaipen bat lortu dute, Sestaon. Sestaoko Udalaren II. bandera jokatu da gaur eguerdian Nerbioi ibaian, eta horiek ez dute aurkaririk izan. Ziabogan hiru segundoko aldea atera die Donostia Arraun Lagunaki eta Hondarribiari, eta itzulerako luzean aldea bost segundora igo dute donostiarrekiko. Oriok 10:40,66 denborarekin irabazi du bandera. Bigarren Donostia Arraun Lagunak izan da (10:45,40), Hondarribia hirugarren (10:51,66) eta Donostiarra laugarren (10:59,36).

Jardunaldi honen ondoren, Oriok aldea areagotu du sailkapen orokorrean. Lehenak dira 31 puntorekin, bigarren Donostia Arraun Lagunak da 25ekin, hirugarren Donostiarra 13rekin, eta laugarren Hondarribia 11 puntorekin. 

Gizonezkoak hirugarren

Eusko label ligako estropada jokatu da jarraian, Sestaoko Udalaren XVIII. bandera, hain zuzen ere. Oriok ezin izan du sestaotarren bandera herrira ekarri. Hirugarren izan dira estropada irabazi duen Santurtziren eta bigarren txandan aritu den Zierbenaren atzetik. 

Sailkapen orokorreko buruan jarraitzen du San Nikolas ontziak. 110 punto ditu Oriok. Bigarren Zierbena dago, 98 puntorekin, hirugarren Hondarribia 97rekin, eta laugarren Santurtzi 96rekin. 

Datorren asteburuan Santurtzin eta Getxon izango dituzte Euskotren eta Eusko label ligetako estropadak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide