Orioko XXIX. estropadak jokatuko dira asteburuan, herriko itsasaldean

Karkara 2019ko uzt. 17a, 14:00

Larunbat arratsaldean Eusko Label eta Eusko Tren ligetako estropadak izango dira; igandean, berriz, emakumezkoen ETE Ligako eta gizonezkoen KAE 2 Ligako jardunaldiak jokatuko dira. Asteburuan zehar bi aisialdi eremu ipiniko dira, bata plazan eta bestea barra berri aldean.

Gaur asteazkena, uztailak 17, aurkeztu dute VII. Orio Kanpina Bandera. Herriko XXIX. estropadak larunbatean eta igandean -uztailak 20 eta 21- jokatuko dira, eta festa giroa zein kirola uztartuko dira bertan.

Herriko kanpinean eguerdian egin den prentsaurrekoan Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak azpimarratu duenez," pasa den urteko eremu berdina izango du estropadak, itsasoan. Aurreko urtean oso esperientzia polita izan zen berriz ere erriotik itsasora eramatea jardunaldia. Lan asko egin zen eremua antolatzen eta ezin hobeto atera zen dena. Espero dugu aurten ere horrelako ikuskizun ederra ikusteko aukera edukitzean". Oriotik Zarauzko Mollarri alderantz joko dute traineruek, olatuak  puskatzen diren gunean.

Ordutegiak eta traineruak

Alde batetik, larunbat arratsaldean 18:00etatik aurrera, emakumezkoen Eusko Tren eta Eusko Label ligetako estropadak izango dira. Bestetik, igandean, ordu berean, emakumezkoen ETE Ligako eta gizonezkoen KAE-2 Ligako jardunaldiak jokatuko dira. 

Traineruei dagokionez, Huegunek Orioko traineruak erakusten ari diren maila bikaina goratu du. "Espero dugu hiru banderak etxean geratzea, neskena zein gizonezkoenak. Eusko Labeleko traineruaren kasuan, pasa den urtean etxean geratu zen, lehen aldiz. Beraz, ea aurten ere emaitza berberak lortzen ditugun.

Orioko alkatea den Anuska Esnalek ere Orioko traineruak egiten ari diren "denboraldi hasiera bikaina" azpimarratu nahi izan du. "Hilabete hasieratik arraunlariei harrerak egitea lan handia izan da udalarentzat, zorioneko lana". Horrez gain, eskerrak eman dizkie bertan parte hartzen eta laguntzen duten herritar guztiei, tartean txaranga osatzen duten kide guztiei.

Bi aisialdi eremu

Pasa den asteburuan Bisiguaren Festa izan zen herrian eta bisitari ugari murgildu ziren festan. Asteburu honetan, berriz, Oriora asteburu pasa etortzera gonbidatu nahi dituzte antolatzaileek. Iaz bezala, Eusko Labelek antolatzen duen Fan Zone deituriko aisialdi gune bana jarriko dute herriko bi puntutan. Orioko plazan, pantaila erraldoia, parrila eta babesleen postu edo stand ofizialak egongo dira ikusgai. Estropadak ikustera barra berrira gerturatzen direnek ere izango dute jana eta edana, lehiak irauten duen bitartean. "Pasa den urtean oso ondo funtzionatu zuen aisialdi guneak eta uste dugu aukera ona dela aurten berriz ere jartzea", adierazi du Huegunek. 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide