Orion ohikoa da iluntzeetan hondartzatik etxera bidean, txikiteoaren aitzakian edo besterik gabe, arraunlarien entrenamendua ikustera moila bazterrera edo ibaiertzera gerturatzea. Bertan jende mota asko elkartzen dira: arraunlari ohiak, arraunlarien senitartekoak, arraunzale sutsuak, asteburuko emaitzak analizatzen iaioak direnak, laguna xaxatzeko astakeriak esaten dituena, isil-isilik dena ikusten eta entzuten dutenak, asteburuko estropadak lau aldiz ikusi dituztenak edo irratiz ikusi zuen hura eta besteek baino gehiago dakiena.
Atzo astelehena izanik, ohiko moduan zazpi traineru genbiltzan itsasadarrean: Orioko hiru traineruak, zarauztarren beste hirurak eta Tolosaldekoak. Gutxi izango dira entrenamendu garaian itsasadar berean hainbeste traineru ibiltzen direnak (Pasaia eta Bilbokoak agian).