"Hainbeste urtez isilpean lan egin ondoren, zoragarria izan da bandera irabaztea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko uzt. 2a, 09:00

Itxaso Azkonobieta arraunlaria. (Egiguren Argazkiak)

Oriok bere historiako aurreneko Euskotren ligako bandera irabazi zuen larunbatean, Santanderren. Igandean, Lekeition, lehen luzean aurretik ziren oriotarrak, baina poparean arraunketa galdu zuten. "Denboraldi hasieratik faboritotzat jo bagaituzte ere, jakin badakigu estropadaz estropada joan behar dugula", dio Itxaso Azkonobieta arraunlariak.

Orioko emakumezkoen traineruak Euskotren ligako lehen bandera irabazi zuen larunbatean. Garaipen historikoa izan zen, talde oriotarrak Euskotren ligan lortzen duen lehen garaipena izan baita. Itxaso Azkonobieta arraunlariaren esanetan, "hainbeste urtez isilpean lan egin ondoren, Euskotren ligako lehen bandera irabaztea zoragarria izan da. Gogotsu ospatu genuen bandera hainbat urtez elkarrekin entrenatzen aritu garen arraunlariok".

Dena dela, gazi-gozoa izan zen pasa den asteburua talde oriotarrarentzat, larunbateko garaipenaren ondoren, igandean Lekeition bigarren sailkatu baitziren. "Denboraldi hasieratik faboritotzat jo bagaituzte ere, jakin badakigu estropadaz estropada joan behar dugula. Igandean, esaterako, lehen luzean estropadaren buruan ginen, baina bueltan gu baino hobea izan zen Arraun Lagunak. Guk ez genuen asmatu eta arraunketa galdu genuen".

Oriotarraren iritziz, udan zehar lehia polita ikusteko aukera izango da emakumezkoen Euskotren ligan. "Badakigu Arraun Lagunak taldeak maila ona emango duela estropadetan, eta Donostiarrak eta Hondarribiak ere nabarmen egingo dute gora udan zehar. Beraz, estropadaz estropada gogor lehiatu beharko dugu banderak irabazteko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide