Asteburuko bigarren bandera irabazteko esperantzarekin joan dira Orioko neskak Lekeitiora. Bezperan, larunbatean, Euskotren ligako estreinaldian, Orio nagusi izan zen Santanderren, eta Donostia Arraun izan zen bigarren. Igandeko estropadan, ordea, donostiarrak nagusitu dira Oriorekiko bost segundoko aldearekin. Lehen ziabogan Orio zen aurretik, baina bueltako luzean Donostia Arraun hobeto moldatu da.
Lehen bi jardunaldien ondoren Donostia Arraun eta Orio 7 puntura berdinduta daude. A Coruñan (Galizia) izango dute hurrengo hitzordua, larunbatean eta igandean jokatuko duten II. Bandeira Cidade Coruñan.
Emakumezkoen ondoren, gizonezkoen txanda izan da, eta hemen ere bigarren izan dira oriotarrak. Eusko Label ligako lehen bi jardunaldiak irabazi ditu Oriok, baina hurrengo bietan, Santanderren eta Lekeition, bigarren postuan heldu da San Nikolas trainerua. Atzoko estropadan Hondarribia izan zen nagusi, eta gaur Santurtzi. Ligan lortu duten lehen bandera da hau santurtziarrentzat.
Lau jardunaldi jokatu ondoren, Oriok jarraitzen du sailkapeneko buruan, 46 punturekin. Atzetik Hondarribia eta Santurtzi ditu, 39 eta 38 punturekin, hurrenez hurren. Gizonezkoek ere A Coruñan izango dituzte estropadak datorren asteburuan.