Hirugarren denboraldia osatuko du aurten Xanti Zabaletak (Orio, Gipuzkoa, 1968) herriko emakumezkoen traineruko entrenatzaile gisa. Aurretik beste erdi bat bete zuen, eta urtez urteko lanari beste hobekuntza maila bat gehitu nahi dio.
Liga hastear denean, nola egoten da entrenatzaile bat?
Pixka bat urduri, ilusio handia daukadalako jarrita denboraldi honetan. Etxeko lanak ondo eginda sentitzen naiz, eta ikusteko gogoz nago lan horrek zer ematen digun, non gauden eta zer garen. Prestaketako estropadetan ondo ibili gara, baita ontzi txikietan ere, eta ez gara atera gure lanetik eta bidetik.
Etxeko lanak aldatu egin dira iaztik?
Kontuan izanda aurreko udako taldearen ia %90ek bertan jarraitzen dutela, lanari segida ematen aritu gara arlo aerobikoan eta potentzian, eta gogortu egin ditugu entrenamenduak. Urtez urte ari gara hobetzen, eta aurten ere beste koska bat egin nahi dugu gora. Jauzi txiki hori nahikoa den edo ez, ikusiko dugu.