Liga bikain hasi dute Jon Salsamendiren mutilek. Erraz gailendu dira Bilbon, bigarren izan den Santurtziri ia 13 segundo aterata. Hirugarren tandan egin dute arraun oriotarrek, Hondarribi, Urdaibai eta Zierbenarekin batera. 04:42an egin dute lehen ziaboga, 09:32an bigarrena, eta 14:37an hirugarrena. Lan guztiak, berriz, 19:31:22 denboran egin dituzte.
Santurtzi sailkatu da bigarren, 19:43:80 denbora eginda. Ziabogak alderatze aldera, santurtziarrek honako denboretan egin dituzte: 04:50, 09:42 eta 14:49. Hain zuzen, Salsamendik HITZAri orain gutxi adierazi zion aurten inoiz baino talde gehiago arituko direla goi mailan, banderak irabazteko lehian. "Esperientzia handiko arraunlariak fitxatu dituzte Santurtzik eta Donostiak. Aurreko denboraldian hasi ziren muturra sartzen ohorezko txandan, eta aurten goi mailan izango direla uste dugu". Gaur erakutsi du indar hori Santurtzik, baina oriotarrek erraz irabazi dute.
Bihar Zierbenan izango da ligako bigarren jardunaldia, 12:00etan hasita. Orduan ikusiko da oriotarrek eusten dioten gaurko mailari, eta beste zein talde nabarmentzen diren liga hasiera honetan.
Gaurko emaitzak hemen ikus daitezke.