2019ko udal hauteskundeak

Orain taldeak udal hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko 110 sinadura lortu ditu

Karkara 2019ko api. 30a, 09:00

Deialdira aurkeztu ahal izateko, sinadura kopuru zehatz bat aurkeztu behar izaten dute alderdi politikoek osatu ez dituzten hautesle-taldeek. Orioko Orain taldeak 110 sinadura biltzea lortu du, eta beraz, hurrengo udal hauteskundeetara aurkezteko aukera izango du. Duela aste batzuk iragarri zutenez, Jose Angel Iparragirre izango da zerrendaburua.

Maiatzaren 26an, igandea, izango dira hurrengo udal hauteskundeak. Estatuko Buletin Ofizialean apirilaren 2an argitaratu zen deialdia, eta derrigorrezkoa da bertan zehaztutako epeak eta datak betetzea. Hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, alderdi politikoek osatu ez dituzten hautesle-taldeek zenbait baldintza berezi bete behar dituzte. Hala, hauteskundeetarako deia egiten den bakoitzean, parte hartu nahi badute, sinadura kopuru zehatz bat aurkeztu dute dagokion erakundean.

Orain Orio Aukera Independenteak baldintza hori betetzea lortu duela iragarri du. Orio 5.000-10.000 biztanleko herri bat da, eta beraz, gutxienez 110 sinadura aurkeztu behar zituen taldeak, eta hala egin du. Orioko Udaleko idazkariak apirilaren 17an eraman zituen Orain taldeak bildutako 110 sinadura Eskualdeko Hauteskunde Batzordera (Donostia), sinatzaileen nortasun agirien fotokopiekin batera. Beraz, maiatzeko udal hauteskundeetara zerrenda aurkezteko aukera izango du Orain taldeak. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu lanean jarraitzeko, orain arte bezala", gehitu dute. Plataformak apirilean iragarri zuen oraingoan Jose Anjel Iparragirre izango dela zerrendaburua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide