Herri politikan eragin nahian

tokikomadministratzailea 2017ko abe. 1a, 13:26

Jose Angel Iparragirreren iritziz, herri politikan aritzea esker oneko jarduera da. Hori ez da sarritan entzuten den zerbait. Orain Herri Plataformak Orioko Udalean dituen bi zinegotzietako bat da bera. Taldearen bigarren legealdia da oraingoa, eta aurrekoan ikasitakoak aplikatzeko helburuarekin, gogor dihardute lanean.

Jose Angel Iparragirre
Orain Herri Plataformako zinegotzia

1969an jaiotakoa da Iparra. Lanbide Heziketan Elektrizitatea eta Elektronika ikasketak egin zituen, eta Komunikaziorako Operadore Teknikoa da lanbidez. Beren plataformak bizitasuna galdu duela onartzen du; irabazitako esperientziarekin, lanean efektiboagoak direla ere aitortu digu.

Duela sei urte sortu zenuten Orain. Nola baloratzen duzu gaurdaino egindako bidea?

Interesgarria eta positiboa izan da taldearen ibilbidea. Normala den bezala, bihurgune eta gorabeherak ere izan   ditugu. Asko ikasi dugu sei urte hauetan. 

Hasieratik gaur artean, aldatu al duzue lanerako modua? Eta norabidea?

Lanerako era aldatzen joan gara, baina taldearen norabidea ez. 2011 urteko hauteskundeetarako, pertsona askoren          inplikazioarekin eskuliburu bat osatu genuen. Taldearen oinarri eta ideia nagusiak idatzi genituen bertan. Oraindik ere, liburuxka honek markatzen du gure norabidea. Lanerako modua egokitzen joan gara, plataformako kideen denboraren eta Udaleko lan dinamiken arabera. 

Bigarren legealdia duzue hau. Non kokatzen da plataforma une honetan?

Herriaren eta herritarren beharrei erantzutea da gure lehentasuna. Akaso, lehen legealdiarekin alderatuz, nerbio pixka bat galdu dugu, baina esperientzia eta eskarmentua irabazi ere bai. Ikasitakoa herritarren zerbitzura jartzen saiatzen gara.

Zein dira zuen lehentasun eta lan lerro estrategikoak?

Ahalik eta promesa gutxien eginda, herritar guztion bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraitzea. Horixe da gure lehentasuna. 

Aurreko legealdian ikasitakoak aplikatzeko aukerarik izan al duzue?

Bai, efikazagoak gara lanean. Zerbait lortu nahi dugunean, orain zehatzago ikusten dugu indarrak zertan jarri behar ditugun; aldiz, zerbait lortzea ezinezkoa dela iruditzen zaigunean, ez dugu energia alferrik galtzen. Hala ere, egoskorrak gara, eta zailak diren gai pare batekin lanean jarraitzeko asmoa daukagu.

Autokritika eginda, zertan egin zenuten huts aurreko legealdian?

Normala den bezala, ez genuen denean asmatu. Distantziatik begiratuta, hartutako erabakiren bat edo beste aldatuko genuke orain, baina orduko egoera kontutan hartuz, gustura gaude egindakoarekin. Hori bai, ikastolako plataforma etiketa gainetik kentzen ez dugula asmatu onartu behar dugu. Sei urtetan hartu ditugun 3.000 erabaki ingurutik, hamar bat bakarrik izan dira Ikastolari lotutakoak. 

Zalantza asko izan al zenituzten?

Guk hartutako erabaki guztiak libre eta konbentzituta hartu ditugu; batzuetan, gure artean asko eztabaidu ostean, baina beti gehiengoak nahi zuenaren arabera, modu asanblearioan. Futbolean penalti bat kale egin daiteke, baina botatzerako garaian ezin da horretan pentsatu. Gauzak aldatzeko gaitasuna genuela konbentzituta aritu ginen lanean. 

Sei urte hauetan, asko kostatu al zaizue taldea osorik mantentzea?

Egia esan, bai. Denok gaude saltsa askotan sartuta, eta kosta egiten da talde dinamika eraginkor bat luzaroan mantentzea. Txirrindularitzan bezala, baten batek tropela uzten badu, gero oso zaila egiten zaio lan erritmora berriz konektatzea. 

Miriam Urangak zinegotzi izateari utzi zion apirilean. Zuen sorreratik, taldeko erreferenteetako bat izan da.

Kargua utzi arren, Miriamek gurekin lanean jarraitzen du. Ez da askotan gertatzen pertsona batek bozeramaile gisa aritzeko eta kudeaketarako gaitasuna izatea, eta bere kasuan hala da. Lanerako kapazitate handia du. 

Zein helburu ditu Orainek etorkizunari begira?

Legealdi hau ahalik eta ondoen bukatzeko gogor dihardugu lanean. Gai sendoak ditugu mahai gainean, eta oraintxe hori da gure lehentasuna. Aurrerago erabakiko dugu segitu edo ez. Oraindik legealdi honen bi urte geratzen zaizkigu, eta askorako emango dute. 

HIRIGINTZA

Herriko plazan obra handia egin nahi da: azpiegituren saneamendua eta zati handi bat oinezkoentzat bihurtu, trafikoa moilatik bideratuz. Beharrezkoa al da herriarentzat?

Aurreko legealdian obra hau aurrera eramaten saiatu ginen, baina oztopo eta zailtasun mordoa topatu genituen. Gure ustez, obra horren beharra du Oriok, mesede egingo dio plaza inguruari eta herriari. Pena da bost urte lehenago egiten hasi ez izana, gerakina –remanentea– ukitu ezin zelako –orain bai, dirudienez–. Instituzioek trabak jartzen zituzten obra egiteko. 

Ze fasetan dago proiektua gaur egun?

Egin behar diren azterketak eginak daude –geotektonikakoa, ingurumenekoa...–. Bordatxo tabernaren ondoko pasabidea zabaltzea, hasieran uste zena baino zailagoa dela ikusi da, eta horri irtenbidea bilatzen ari gara. 

Proiektuak aurrera eginez gero, obrek zenbat hilabetez itxiko lukete plaza ingurua?

Oraingoz proiektua ez dago zehaztuta, baina zirriborroaren arabera, kotxeen bi norabideak errio ondotik bideratuko dira; beraz, plaza ez litzateke itxita geratuko. Hala ere, ezin da ezer ziurtatu oraindik.  

Dikerako, Kofradiarako  eta Kosta Tailer ingururako plana aurkeztu zenuten azaroaren 3an. Ezohikoa izan zen aurkezteko modua; besteak beste, agintean dagoen EAJ alderdia ez zegoelako bertan.

Bi zutabe nagusi ditu gaiak. Batetik, Plan Orokorrean Dike eta Paloten artean, Udaleko lau alderdiok Dike aukeratu dugu etxebizitzak egiteko gune egoki gisa. Bestalde, kofradiaren egoera kaxkarra begi bistakoa da. Guretzat, kofradia herriko nortasunaren parte garrantzitsua da, eta aspalditik gabiltza irtenbide egokia eman nahian.

Kofradiak eta Garate familiak bi gai horiei soluzioa planteatzen zien proiektua aurkeztu zigutenean, aukera egokia iruditu zitzaigun arazoa konpontzen hasteko. Proiektua zuzena da, eta orekatua. Guri aurkeztu ziguten bezala, beste alderdiei ere erakutsi zietela esan ziguten, eta horregatik ez dugu ulertzen EAJ-k gerora agertu duen harridura. Dakigunaren arabera, proiektua EAJri aurkeztu zitzaionean Udaleko bi langile ere egon ziren bilera horretan. Garbi dago, Alkateak eta Hirigintzako batzordeburuak bazekiten proiektuaren berri.

Zaila al da gobernuan dagoen EAJ alderdiari proiektu estrategikoak proposatu eta negoziatzea?

Normalean, proiektu eta promesek oinarri ekonomikoa izan ohi dute, eta hor joko gutxi daukagu negoziatzeko. Arazo estrukturalak daude aurrekontuetan: 10 eurotik 8 Udaleko pertsonalean eta gastu arruntetan gastatzen dira, eta 1,5 euro diru laguntzetara bideratzen dira. Hau horrela izanik, proiektu gutxi negoziatu daitezke. 

Etxebizitza bat izateko –erosi-alokatu– zailtasun ekonomiko handiak dituzte herritar askok. Zergatik ez dira alokairu sozial bidez kudeatzeko etxebizitzak egiten Orion?

Anibarko Portuan Udaletxeak dituen lokal batzuetan, alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko asmoa aho batez onartua dago. Horretarako diru laguntzak ere badaude, baina gaia ez da mugitu. Ez dakigu zergatik. 

Herri Antolamenduko Plan Orokorra zertan da? Zergatik dago geldirik?

Misterio bat da hori. Bide onetik eta abiadura egokian zihoan plana gure ustez, eta oraindik ez da aurrera eraman. Lana idazteko kontratatu zen enpresa ere behin baino gehiagotan kexatu izan da. Atzerapenaren ondorioz, idazketa lan hori 43.000 euro gehiago kostatuko zaigu. Hauek dira gure galderak: Zergatik atzeratu da? Nork hartuko du bere gainkostu horren erantzukizuna? 

Zergatik ez diozue eskatu EAJri prozesua amaitzeko?

Oposizioan gauden hiru alderdiok askotan eskatu diogu hori, hitzez eta idatziz. 2017ko aurrekontuak onartzeko baldintza bezala ere jarri zen Plan Orokorra aurrera eramatea, baina ez dute bete. 

UDALA-POLITIKA

Bi urte egin ditu Joxe Angel Zalduak alkatetzan. Zein balorazio egiten duzu bere lanaz?

Legealdi hasierak sendoak izaten dira, mahai gainean asmo on eta proiektu askorekin. Alkateak Gipuzkoako soldata altuenetakoa jarri zion bere buruari, baina 2016an, bera batzordeburua izanik, ez zuen Pertsonaleko bilera bat ere egin. Bere lana ikusita, oposizioko hiru taldeon artean soldata jaitsi genion. 

Askotan kexatu zarete, batzorde eta udalbatzarretan landuko diren gaien berri berandu izaten duzuelako.

Udal batean burokrazia lan handia izaten da, eta normala da une batzuetan presaka ibiltzea. Txostenak hilabete lehenago eginda izanik, batzorderako bi egun falta direla bidaltzen dizkigute oposizioko taldeoi, eta hori da onartu ezin dena. Sarritan gertatzen da, gainera. 

Bestalde, zenbait mozioen bozketan ez parte hartzea erabaki zuen Orain plataformak. Zer dela eta?

Galdera hori ez nuke horrela planteatuko. Erabaki hura mozioen eta kontra-mozioen jokoa apurtzeko hartu genuen; guk, Udalbatzarretan azken momentuan aurkezten ziren gaiak aldez aurretik batzordeetan aurkeztu eta erabakitzea eskatzen genuen. Dena den, mozioen bozketetan parte hartzen jarraitzen dugu. 

GIZARTEA

Arozena eraikinean zaharrentzat egoitza ekiteko proposamena atzean geratuta, ba al da bertarako beste proiekturik?

Alderdi batzuek, hauteskunde garaian promesa koloretsuekin propaganda handia egiten dute. Sarritan, proiektu horiek ondo landu edo eztabaidatu gabeak izaten dira. Aspalditik dabil egoitzaren proposamena Udalean, baina guk dakigunez, inor ez da joan Arozenara, in situ egin daitekeena baloratzera. Horrela daude gauzak. 

Gizarte zerbitzuen saila parekidetasun politikena ere izango da aurrerantzean.

Gogoa eta interesa egonik, herriko eragileen eta Udalaren artean gauzak egin daitezkeela erakusten duen adibide ona da hau. Gizarte zerbitzuetako teknikari berria kontratatzeko pleguak lantzen ari ginela, herriko eragile batek profilean parekidetasun gaiak txertatzea eskatu zigun. Talde politiko guztiek ondo ikusi zuten ekarpena, eta lanpostua eskari horrekin ere atera da.

Orain plataformak zein ikuspegi du parekidetasunaz?

Behar beharrezkoa ikusten dugu parekidetasuna garatzeko politika aktiboak bultzatzea. 

TURISMOA

Zifra onak eman ditu aurtengo udan Orioko Kanpinak.

Bai. Aurreko legealdian apustu nabarmena egin genuen kanpinaren alde, eta orain horren fruituak jasotzen ari gara. 2017an 550.000 euroko gastua eginda, 972.000 euroko diru-sarrera (fakturazioa) izan dugu. Martxan jarritako lan prozesu guztiak emaitza onak ari dira ematen. Jende askoren ahalegina dago kanpinaren martxa onaren atzean. 

Orain taldearen iritziz, Oriorentzat zein garrantzia du turismoak?

Azken hamarkadetan aldaketak eman dira herriaren motor ekonomikoan. Arrantza, adibidez, izugarri jaitsi da, beste sektoreetako lan mota batzuekin batera. Aldiz, zerbitzuen alorrak hartu du indarra; turismoa oso garrantzitsua bihurtu da herriarentzat. 

Oriok nahikoa turista erakartzen al du?

Horri erantzun aurretik, zein turismo eredu bultzatu nahi dugu erabaki behar genuke. Herriko ostalari eta merkatarien arabera, ez dugu nahikoa turista erakartzen. Hori horrela da,uda partean herrian mugimendu gutxi izaten baita. Baina hau, ez da Udalaren ardura soilik. Guk egin beharko dugu ahalegina, baina zerbitzuak eskaintzen dituztenek ere bai. Bezeroak gero eta zorrotzagoak dira kalitatearekin. Lan ildo garrantzitsua da Orion turismoarena. Udalak, merkatariek eta herritarrek elkarlanean jorratu beharko dugu. 

Garai batean, jende gehiago izaten zen Antilla hondartzan uda garaian. Turismoari dagokionean, asmatu al da eraldaketarekin?

Gauza bat argi dago: ez dugu lehengo hondartzako martxa eder hura, galdu egin da. Alde horretatik begiratuz, ez da asmatu. 

Zein bereizgarri du Oriok? Edo, aurrera begira, bereizi behar al du moduren batera turismo mota jakin bat erakartzeko?

Oriok hondartza eta beste gauza batzuez gain, bi elementu nagusi ditu beste herriengandik bereizteko. Batetik, Santiago bidea. Etekin gehiago atera behar diogu. Pasabide zuzen bat potentziatu beharko genuke, erromesak herritik pasatzeko. Bestalde, errioa daukagu. Aukera asko eskaintzen ditu turismoari begira. Txurruka inguruak ere bai. Herriak turismo lasaia erakartzeko potentzial handia dauka. 

Turismo teknikari eta Kanpineko zuzendari plazak betetzeko lehiaketak martxan daude. Aurreikusitakoa baino beranduago egin dira deialdiak.

Aurreko legealdian, turismo teknikaria aukeratzeko lehiaketa ez egitea erabaki genuen, legealdi aldaketa harrapatzen zuelako bete betean. Lehiaketa Udalean sartzen ziren agintari berrien esku uztea erabaki zen, garbi jokatze aldera. Argi dago hor akatsa egin genuela, hiru urte galdu ditugulako. Legealdi honetan orain gutxi arte ez da gaia landu, oposiziotik askotan eskatu arren. 

Mutiozabal ontziolak zer eskainiko dio herriari?

Errioaren beste aldeak eraldaketa eskatzen zuen, eta ari gara lanean. Mutiozabal herriko ondarearen erreferenteetako bat da, eta eraikinari bizia emanda, gure historiaren zati bat bizirik mantenduko dugu. Bestalde, lehen aipatu bezala, errioari etekina ateratzen hasteko aukerak eskainiko ditu. Potentzial handia du errio bazter horrek.

Udan Aldundiaren autobus turistikoa pasa zen Urola Kostatik, baina Orio ibilbidetik kanpo geratu zen. Zergatik?

Batzuetan nabari geratzen da instituzioen arteko koordinazio eza. UKUEn badira teknikariak, udaletan ere bai, baina ez dute harreman zuzenik. Informazioa ez da behar beste trukatzen, eta batzuetan ez gara elkar ulertzen. Horrelako kasu batengatik geratu zen autobusa Oriotik pasa gabe.

KULTURA-EUSKARA

Aurreko legealdiarekin alderatuz, kultur agenda dezente mehetu da. Zein da arrazoi nagusia?

Aurreko legealdiko kultur zinegotzia dinamizatzaile petoa zen eta euskalgintzan eskarmentu handia zeukan. Zorte handia izan genuen bera Udalean izanda. Hortxe, azalpena. 

Oraingoz, legealdi honetan ez da euskara sustatzeko egitasmorik aurkeztu Udaletik.

Ez, eta goazen martxan, ez da halakorik espero. Hala eta guztiz ere, aurreko legealdian aurrerapauso handi eta sendoak eman ziren alor horretan. 

INGURUMENA

Motondo biziberritzeko diru laguntzari uko egin zenioten bere momentuan. Nola dago gaia orain?

Legealdi honetan, ez dugu gaiaz behin ere hitz egin. Gauzak ez dira galderan planteatzen diren bezain sinpleak. Guk proiektuaren alde bozkatu genuen, eta horri esker atera zen aurrera. Etorri zen 400.000 euroko diru laguntza hari, ez genion uko egin, baina ez genuen bere horretan onartzeko inozentzia izan. Zergatik? Proiektuaren lehen zatiaren diru kopurua bakarrik zelako, eta hurrengo faseetako laguntza ez zutelako bermatzen –guztira 3 milioitik gorako kostua zuen–. Diru hori onartzeak beste erantzukizun batzuk hartzea ere suposatzen zuen. Gure ustez, Motondoko proiektuaren ardura ezin du Orioko Udalak bakarrik hartu, beste instituzioek ere egin behar dute kargu. Herriak bakarrik aurre egiteko dimentsio handiegia du. 

Duela urte batzuk egindako azterketaren arabera, hiru faktore nagusik eragin zuten Antillako hondarraren egoera kaltetzen: kanpoko barra, draga eta malekoiko obra guztia. Draga ez da egiten dagoeneko. Beste neurririk hartu al daiteke aurrera begira?

Dragatze lanak geratu zirenetik, hondarraren egoerak hobera egin du. Gure ustez, hobetzen jarraituko du gainera. 

Batzuk diotenez, kanpoko barrari luzera erdia kenduta, berdin beteko luke bere funtzioa.  Horrela, itsasadarreko uraren eta hondarraren kalitatea hobetu egingo lirateke. Herriaren motor ekonomikoan arrantzak geroz eta indar gutxiago badu, eta turismoak gehiago, halako zerbait planteatu al daiteke?

Adituek kanpoko barrak bere funtzioa berdin beteko lukeela ziurtatuz gero, ez zait astakeria iruditzen. Hala ere, horrelako zerbait aurrera eramateko eskumena ez da Udalarena bakarrik. Ziurrenik, beste instituzioekin egin beharrekoa izango litzateke lanik zailena. 

Hondartzako obrarekin ondare ekologiko oparoa galdu al du Oriok?

Bai, hori begi bistakoa da. Orain dela hilabete batzuk, gaiaz dugun iritzia argitaratu genuen Karkaran: hondartzako balorazio orokorra negatiboa da. Alde onak eta txarrak balantzan jarrita, bigarren hauek gehiago dira. Gaur egun obra hau egin beharko bagenu, gerora ikusi denagatik, ez dugu uste herriak onartuko zukeenik

GALDERA PERTSONALAK

Nolatan sartu zinen herri politikan?

Udalak bere egin beharrei erantzuten ez ziola eta, aspertuta, herritar talde batek bilera pare bat egin genituen. Hor jaio zen Orain plataforma. Taldean eroso sentitu nintzen hasieratik, eta jendea lanerako prest ikusten nuen, gogo handiarekin. Hasiera batean, ez neukan taldeko lehen lerroan posizionatzeko asmorik, baina denborarekin, taldeak egokitzapenak izan ditu, eta aurrean bukatu dut. Miriamek lan oso eraginkorra egiten zuen, orekatua, eta zaila da bera ordezkatzea, baina eroso sentitzen naiz taldearen buruan. Beste kideen babesa daukat, eta Miriamek berak asko laguntzen dit. Iñigo Arrutiren lana ere goraipatu nahi nuke, berak ere urrats handia eman baitu aurrera. 

Esker onekoa al da udaleko zinegotzi izatea?

Baietz esango nuke. Kritikak jasotzen dituzu, baina errespetuz eginak badira, ez dago arazorik. Kalean uste baino jende gehiagok geratu nau, egindako gauzengatik zorionak edo animoak emateko. 

Uste baino denbora gehiago edo gutxiago kentzen dizu Udaleko lanak?

Zinegotzi postua onartzean, banekien non sartzera nindoan. Zorionez, emazteak asko errazten dit Udalean orduak sartu ahal izatea, eta lan ordutegiarekin ere ondo moldatzen naiz.

Erraza al da kalean herritarrei entzundako iruzkinak, galderak, proposamenak... Udalera eramatea?

Saiatzen gara kalean jasotzen ditugun kontuak plenoetara eramaten, baina ez da erraza. Hala ere, Udalbatzarrak irekiak dira, eta edozeinek du hara azaldu eta galdera zuzenak egiteko aukera. Normalean, bospasei entzule bakarrik izaten dira bertan. 

Udala eta herritarrak elkartzea zaila al da?

Bai. Bi gauza dira ondo eraman ezin ditudanak: batetik, Udalak batzuetan herritarrak bezero edo aurkari gisa ikusten ditu. Niretzako, herria da Udala, herritarren nahiak betetzeko gaude gu. Horretan sinesten dut.  

Bestalde, administrazioaren abiadura motelak ere amorrua sortzen dit. Ez dut ulertzen zergatik moteltzen diren hainbeste prozedura batzuk. Konbentzituta nago, benetako borondatea balego, askoz ere azkarrago egingo genituzkeela gauzak. Badaude hori frogatzen duten adibideak

Bukatzeko, zerbait gehitu nahi al duzu?

Azken urteetan, politikari asko sartu dituzte kartzelan ustelkeria kasuengatik. Gasteizko Kontu Epaitegiak 2014ko Orioko Udaleko kontuak aztertu zituen, agintean Bildu eta Orain geundenean. Azterketaren ostean pasa ziguten txostenaren arabera, gestioa bikaina izan zela azpimarratu zuten. Horrelako albisteak ez dira herrira iristen; kontrakoa, sarri notizia txarrak bakarrik ematen dira argitara, eta horrela, zaila da Udala eta herritarren artean harremanak sendotzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide