Dagoeneko martxan dago hondakinak biltzeko sistema berriaren informazio-gunea Orioko kultur etxean eta gero eta herritar gehiago ari da bertara etortzen, informazioa osatzeko eta zalantzak argitzeko.
Oriotarrak, bestalde, hasi dira etxean jasotzen Urola Kostako Udal Elkartearen gutuna eta edukiontzi berriak irekitzeko txartel magnetikoa.
Organikoaren kuboa eskuratzeko aukera
Informazio-gunean doan eskuratu daiteke, gainera, etxean organikoa birziklatzeko erabiltzen den kuboa. Orain arte jaso ez duenak aukera dauka bertan eskatzeko eta doan jasoko du argazkikoa bezalako kubo bat, etxeko hondakin organikoak apartatzeko.
Udalak dei egiten die organikoa birziklatzeko pausoa oraindik eman ez duten herritarrei, kultur etxeko informazio-gunera joateko eta bertan kuboa eta informazioa jasotzeko.