Gaur Nazioarteko Emakumearen Eguna dela eta, jende-katea osatu da herriko kaleetan barrena, parekidetasunaren aldeko aldarriak zabaltzeko xedearekin. Iragarri bezala, goizeko hamaiketarako ikastetxeetako ikasleak prest zeuden talde txikietan, pixkanaka elkartzen hasi eta katea osatzeko.
Guztiek elkarri eskutik heltzea lortu dutenean, kultur etxe parean, manifestua irakurri dute bi ikasleek eta Saltxerak taldeko ordezkari batek. Ekimena Errikotxiako Rosi Lazkanok borobildu du, Xabier Leteren Baratze bat zuretzat abestiaren doinuarekin bertsoak kantatuz.
Arratsaldeko zazpietan, kontzentrazioa egingo da plazan Saltxerak taldeak deituta, Feminismoak egingo gaitu herri lelopean.