Jende-katean parekidetasunaren alde irakurritako manifestua osorik

Karkara 2017ko mar. 8a, 14:56

Goizeko jende-katean, Zaragueta eta Ikastolako bi ikaslek eta Xaltxerak taldeko ordezkari batek azpian duzuen manifestua irakurri dute.

Gaur, martxoak 8, mundu guztiarekin baturik, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako udalerri eta ikastetxeok batera, OZEN, LAU HAIZETARA, GUZTIEK ENTZUN ETA GARBI IZAN DEZATEN,  ALDARRIKATZEN DUGU:

  • Neska eta emakumeak garela eta bagarela.
  • Gizartean mutil eta gizonezkoen pare izateko garela, eskubidea dugulako eta bidezkoa delako; ez gehiago eta ez gutxiago.
  • Parekidetasuna lortzeko eskubidea dugula, berezkoa dugula eta hori ez dela ez opari bat eta ez eskaintza bat.
  • Neska eta mutil, gizon eta emakumeak, guztiak, parekoak garela gure ikastetxean eta herrian. Hala da eta hala izango da gero ere.
  • Parekidetasunaren alde tinko eta elkarturik arituko garela guztiak."

Badakigu emakumeak gaurko maila eskuratzeko bidea ez dela xamurra izan. Historian, baita gure historian ere, garai oso zailak bizi izan ditu gizartearen erdiak.

Gogoan ditugu, urteetan, baldintza zailetan, gaur egun egoera hobea izateko lan eta borroka egin duten pertsona guztiak; eta, bereziki, gure amak, amonak eta etxekoandre guztiak:

  • Baldintza eskasetan —etxean eta, askotan, kanpoan lan eginez— etxea eta etxekoak aurrera ateratzeagatik.
  • Gu guztion alde beren bizitza eskaintzeagatik.
  • Beren denbora, ametsak, ilusioak eta aukerak sakrifikatzeagatik.
  • Beren ereduarekin parekidetasunerako bidea zabaltzeagatik.
  • Emakumearen balioa erakutsi eta aldarrikatzeagatik.
  • Eta gu gaur hobeto izateko egin duten guztiagatik.

Hemen gaudenok AITORTZEN DUGU GAUR EGUN gure ikastetxeek eta herriak aurrera egin dutela parekidetasunaren eta hezkidetzaren bidean; baina oraindik gehiago aurreratu behar dugu:

  • Neska guztiek jasotzen dute oinarrizko hezkuntza, nahitaezkoa; baina askok galtzen dute ikasketetan aurrera egiteko aukera.
  • Neskak, oraindik, etxeko lanak egiteko edo etxeko karga handiena hartzeko hezten dira.
  • Neska eta mutilei, gizon eta emakumeei, eskaintzen zaizkien bizimodua, etorkizuna eta aukerak, oraindik, sarri, une eta gune askotan,  ez dira berdinak, ez dira parekoak.
  • Neskek eta emakumeek etxetik atera eta kalean ibili eta erlazionatzeko eskubidea dute; baina ezin izaten dute beti lasai ibili.
  • Giza-eskubideak gizonen eskubideak dira oraindik askotan gure herrian.
  • Neskek eta emakumeek beren buruen jabe izan behar dute; baina, sarritan, gizon baten menpe daude.

Hori hala izanda, AURRERA BEGIRA hau ESKATZEN DIEGU erakundeei eta herriari:

  • Bermatzeko emakumeen eskubide guztiak.
  • Ahal duten guztia egiteko emakumeen aurkako genero-indarkeria erabat desagertu dadin, aukera izan dezagun ikastetxean eta herrian lasai bizitzeko.
  • Ahal duten guztia egiteko baldintza eskasak bizi dituzten herriko neska eta emakumeen egoera antzemateko eta hortik ateratzen laguntzeko.
  • Ahal duten guztia egiteko emakumeen aukera-berdintasuna, parte-hartzea eta erabakitzeko aukera bermatzeko.
  • Emakumeen hezkuntza integralaren alde egiteko.
  • Ahal duten guztia egiteko emakumeek aukera izan dezaten berdintasun- baldintzetan lan-mundura sartzeko eta bertan aurrera egiteko.

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren Berdintasunerako Gutunak oinarrizko printzipio hauek ezartzen ditu, herrietan berdintasunaren alde lan egiteko:

  1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea da. Tokian tokiko gobernuek beren erantzukizunpeko arlo guztietan ezarri behar dute eskubide hau. Era berean, era guztietako bereizkeria, zuzena zein zeharkakoa, desagerrarazi behar dute.
  2. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ziurtatzeko, bereizkeria anitza eta desabantaila hartu behar dira kontuan. Generoari dagokion bereizkeriaz gain beste faktore askorengatik bereizten da jendea gure gizartean: arrazagatik, koloreagatik, jatorri etniko edo sozialagatik, ezaugarri genetikoengatik, hizkuntzagatik, erlijio edo sinesmenengatik, iritzi politikoengatik, gutxiengo nazional bateko kide izateagatik, jabetzagatik, elbarritasunagatik, adinagatik, orientazio sexualagatik, maila ekonomikoagatik…
  3. Gizarte demokratikoan ezinbestekoa da emakumeek eta gizonek orekaz parte hartzea erabakitzeko prozesuetan. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezartzeko, tokian tokiko agintariek neurriak eta estrategia egokiak abiatu behar dituzte, erabakiak hartzeko arlo guztietan emakumeen eta gizonen partaidetza eta ordezkaritza orekatuak izan daitezen.
  4. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezartzeko, ezinbestekoa da genero estereotipoak desagertzea. Tokian tokiko eta eskualdeko agintariek desberdintasunen oinarri diren estereotipoak eta oztopoak desagerrarazi behar dituzte, emakumeek eta gizonek arlo politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean egiten duten lana desberdin balioestea ekartzen dutelako.
  5. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko, ezinbestekoa da generoaren dimentsioa gobernuen jarduera guztietan kontuan hartzea. Generoaren dimentsioa biztanleen bizimoduan eragina duten politika, metodo eta tresna guztietan hartu behar da kontuan; esate baterako, aurrekontuak prestatu eta aztertzeko orduan. Horretarako, emakumeen bizi-baldintzak eta lan-baldintzak aztertu eta aintzat hartu behar dira.
  6. Baliabide egokidun ekintza-planak eta programak beharrezko tresnak dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Tokian tokiko gobernuek behar besteko Kinantza eta giza baliabideak dauzkaten ekintza-planak eta programak egin behar dituzte.

GAURKO EKITALDI HONETAN GUK ERE BAT EGITEN DUGU PRINTZIPIO HORIEKIN ETA GEURE EGITEN DITUGU!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide