Festa gaztea da Balea Eguna, nahiz eta lehendabizikoz duela hamabost urte egin aurtengoa laugarren edizioa baita. Hasiera guztietan bezala, formatu jakin bat finkatzea ez da erraza izaten, eta edizioz edizio zehazten joaten den gaia izaten da. Esperientziak ematen duen ezagutzaren arabera eraldatzen da.
Balea Eguneko herri antzerkiak ere aldaketak izan ditu aldiro. Lehen bi edizioak goizean izan ziren eta hirugarrena arratsaldez, adibidez. Hirugarren eta, oraingoz, azken horretan plazan egiten den antzerkiaren zatia dezente laburtu zen.
Aurten, laugarren edizio honetan, berriz ere Iñaki Irastorzak gidatuko du antzerkia. Bilerak egiten dira formatua zehazten joateko eta nondik norakoak finkatzeko. Hortaz, orain, herri antzerkian parte hartuko duten herritarren bila dabiltza. Laguntzaileen bila.
Otsailaren 29an bukatzen da izena emateko epea. Horretarako kultur etxera joan behar da 9:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 20:00etara. Emailez ere egin daiteke, kultura@orio.eus helbidera idatzita. Udalak herritarrak antzerkian parte hartzera gonbidatu nahi ditu, guztion artean antolatutako festa izan dadin.