Gazteak arrantzara erakartzeko helburuarekin plan bat jarriko duzue, berehala, martxan. Zer dela eta?
Arrazoiak, hasiera batean, bi dira. Batetik, ikusten genuen, arrantzale gazteak gero eta gutxiago joaten zirela itsasora. Bestalde, eskoletan –hiru eskola ditugu: Bermeo, Ondarroa eta Pasaia– alderantzizko joera zegoela ikusten genuen, eskolak beteta, ikasle mordoa zegoela ikusten genuen. Itsasontziak gobernatzeko, nola patroi izateko, hala motorrean ibiltzeko, geroz eta jende gehiago dago.
Zertan datza plana?
Kontrajarriak diren bi egoera horiek uztartu nahi ditugu. Horretarako, urtero beketara bideratutako diruaren zati bat behin kurtsoa bukatutakoan egin behar dituzten derrigorrezko praktikak itsasontzietan egitera bideratuko dugu.
Hortaz, lehen soilik ikasteko erabiltzen zen diruaren zati bat lanera bideratuko dugu. Noski, horretarako gure itsasontzietan praktikak egiteko prest dauden boluntarioak behar ditugu.
Horretaz gain, pentsatzen ari gara, bi kurtsoko ziklo hauetan, kurtsoa amaitzean ez ezik, ikasturte batetik besterako tartean ere praktikak egiteko aukera ematea, ikasleak horretarako pronto badaude.
Praktikekin itsasora gerturatu nahi dituzue ikasleak.
Hori da helburua, gazteei itsasoan ibiltzeko gogoa sustatzea. Hori lortu nahi dugu bekekin.
Gure itsasontzien errealitateari erreparatuz gero, geroz eta gazte gutxiago dagoela ohartzen gara.Tituludunak, patroi eta mekaniko nagusi edo bigarren mekaniko gisa aritzeko, badaude; baina horiek adinean gora doaz eta berehala helduko zaie jubilatzeko garaia. Bestalde, lehen aipatu bezala, kontrajarria iruditzen zitzaigun eskolak beteta izatea. Etorkizuna itsasoari lotuta ikusten dute horiek. Orduan, zergatik ez dago lotura hori?
Guk probatzea nahi dugu, eta, ondoren, erabakitzea. Baina, behintzat, lehendabizi, ezagutzea.
Eta, zergatik kostatzen zaie itsasorako pausoa ematea?
Hori ere jakin nahi dugu proiektu honekin. Ea eskolara joaten den gazteak zer asmo duen eta etorkizunean non ikusten duen bere burua. Orduan jakingo dugu benetan zein diren arrazoiak beste bide batzuk hartzeko eta ez bajurako arrantzarako hautua egiteko.
Gazteak prest egonez gero, haiek hartuko dituzten ontziak ere beharko dituzue...
Gazteak ontziratzeko kontzientziazio lan dezente egingo dugu Gipuzkoako eta Bizkaiako Arrantzale Federazioekin, eta, badirudi armadoreak prest daudela gazteak hartzeko.
Ontziak baditugu. Eta, uste dugu, falta zen lotura hori proiektu honekin egingo dugula. 2016ko otsailean hasteko asmoa daukagu eta orduan ikusiko dugu zer erantzun duen. Hori guretzat test modukoa izango da.