Asier Solaberrieta: “Etorkizuna zaila da, diruak agintzen baitu”

Karkara 2015ko abe. 21a, 10:06

Familiako tradizioari segida emanez, arrantzalea zara.

Aita arrantzalea nuen, eta horrek tira egiten du. Aita jubilatu zenean baporea utzi eta lehorrera pasa nintzen IAT gisako azterketa bat pasatzen dute ontziek, eta gureak ez zuen pasa. Bapore berri bat erosi behar genuen eta horrek kostu handia dakar. Bi urte eman nituen lehorrean eta desesperantea izan zen. Orain berriz itsasoan nabil, eta oso gustura nago.

Hasi zinenetik hona, asko aldatu al da arrantza?

Batetik, kuotak murriztu egin dizkigute eta segituan iristen gara. Bestetik, baliabideak hobeak dira eta lehen baino arrain gehiago biltzen dugu denbora-tarte txikiagoan. Lehen eskuz egiten zuten dena, orain makinak dauzkagu.

Denboraldia nola joan da?

Ondo. Antxoa asko egon da, baina,tamalez, tamaina txikikoa. Handia beranduago etorri zenez denboraldia luzatu egin zen, apirilean harrapatzen hasi eta uztailean atera gara atunetara, eta, normalean, ekaina erdialdean ateratzen gara.

Eta atunarena ondo joan al da?

Bai. Iaz Irlandaraino joaten aritu ginen, horrek denbora luzea itsasoan pasatzea zekarren. Hori zen txarrena. Aurten gertu topatu dugunez eta prezio ona zuenez, primeran.

Zer prezio?

Antxoa txikia gutxi ordaindu digute, baina handia ondo. Kilo batean 35 ale sartzen badira, hori 4-5 euro ordaintzen ziguten. Hasieran 60koarekin hasi ginen, baina asko zegoenez, gero ez ziguten ondo ordaintzen. Atun handia 4 euro inguru ordaintzen zuten. Txikia, hasiera batean, 3 euro, baina kolpera asko ekarri genuenez 2 euro ordaintzen ziguten.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Zaila, gaur egun diruak agintzen baitu. Pena handia ematen ­­­dit, baina amaitu egingo da. Seguru.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide