Urte mordoa daramatzazu itsasoan, ia bizitza osoa.
Bai, 16 urterekin hasi nintzen. Garai hartan, kuadrilakoak ikusten nituen eskola utzi eta itsasora joaten, dirua irabazten. Nik ere gauza bera egin nuen, orduan normala zen hori egitea. Gaur egun, berriz, ez dago 16 urterekin lanera joateko eskola uzten duen ia gazterik eta, gainera, lehorreko lanetarako ikasten dute gehienek.
Asko aldatu al da arrantzaren mundua zu hasi zinenetik?
Bai, batez ere teknikoki. Ontzien ezaugarriak aldatzen eta hobetzen joan dira eta, teknika berriekin, errazago aritzen gara arrantzan orain.
Ontziko bertako bizitza askoz errazagoa da. Orain etxean bezala gaude ontzian; sukaldea, telebista, dutxa... lehen ez genituen erosotasunak ditugu orain.
Bost patroi jubilatzear zaudete, zer gertatuko da gero?
Nik oraindik ez dut nire burua jubilatuta ikusten, beste batzuk esaten dute desiratzen daudela, nik ez. Baina, bai, urte batzuetan batzuk jubilatuko gara eta ez dakit zer pasako den orduan.
Ontziak ere asko gutxitu dira, lehen hogeitik gora ziren eta orain sei bakarrik geratzen dira Orion. Baina ez da herri honetako kontua bakarrik, inguruko herri arrantzaleetan ere berdin gertatzen da. Gazteak animatzea falta zaigu.
Zergatik ez dira animatzen gazteak?
Gaur egun arrantzan dabiltzan gazteak ez dira, lehen bezala, hain gazteak. 30 eta 40 urtekoak dira, guretzat, arrantzale gazteak. Orain ikasten jarraitzen dute gazteek eta ez dute itsasora joan nahi, eta normala da.
Eta animo gutxiago dago patroi izateko. Gauden egoeran gaudela, ez da erraza norbait ontzi bat erosten eta hainbat familiaren ardura hartzen animatzea. Ardura handia da.