Jenerazioz jenerazio tradizio bilakatu den sarea haustear

Karkara 2015ko abe. 21a, 08:00

Iazkoarekin alderatuta denboraldi ona izan da oso aurtengoa. Hurrengo urtean errepikatzeko modukoa. Arrantzaz bizitzeko adina arrain egon arren, zaila du etorkizuna, hamar urteko epean jubilatuko diren kapitainen lekukoa hartuko dutenak gutxi baitira.

Moilan daude itsasontziak, mutiloilan amarratuta. Bare. Sare dantzarik ez da moila bazterrean. Sareak kofradian daude, arrakalak saregileek noiz josiko zain. Harrapatutakoa jateko lehorreratuta, etxeko epelean, arrantzaleak. Aurtengoa bukatuta, datorren urtera begira, dagoeneko.

Berdela, sardina, antxoa eta hegaluzea harrapatu dituzte aurten ere, baina, batez ere, antxoa eta hegaluzea. Pozik egoteko adina tona. Datorren urtean ere sinatuko lukete halako kopururik.

720 egun itsasoan

Arrantza denboraldia martxoan hasi zen eta azaroaren hondarretan, 25ean-edo, bukatu. Kanpaina guztiek, egun batzuk gorabehera, iraupen berbera izaten dute. 270 egun pasatzen dituzte itsasoan, egun horiek betez gero baitaukate armadoreek langabezia izateko eskubidea. Modu horretan, bi hilabete inguruko langabezia daukate, denboralditik denboraldirako tartea langabezian egiten dute, alegia.

Iaz lehenago hasi baziren ere, lehenago bukatu zuten. Hau da, denboraldia ez da luzeagoa izan; baina bai, oparoagoa.

900 tona hegaluze eta 850 tona antxoa

Berdelaren kanpainarekin ekin zioten denboraldiari. Azkar bukatu zuten, harrapatu zezaketen kopurua berehala iritsi baitziren. Sardina ere harrapatu zuten, eta, eskerrak antxoa eta hegaluzeaz gain, beste arrain horiek ere biltzen dituzten, baten faltan bestetik tira dezakete-eta. Baina, zorionez, aurten ez dute arrainen faltarik sumatu.

850-900 tona antxoa harrapatu dituzte, gutxi gorabehera, mendebaldeko plataforman. Eta hegaluzea ere 900 tona inguru bildu dituzte. Iaz urrutira joan behar izan zuten atunetara, baina, aurten, etxetik gertu harrapatu dute, Asturiasen. Hortaz, salmentarako Getaria izan arren porturik garrantzitsuena, Ondarroan eta Gijonen ere saldu dute.

Urrutira joateak gasoleo gastu handia dakar, eta, hori berdintzeko, asko harrapatu behar da. Iaz 15-20 egun eman zituzten itsasoan; aurten, ordea, gertu ibili direnez, lau egunez behin etxera itzuli dira.

Hegaluze handia sei eurotan, txikia 2.80 eurotan

Hegaluze handia 7 eta 18 bitartekoa izaten da. Hegaluze handia ez dute horrenbeste bildu, baina prezio onean saldu dute, sei eurotan, bataz beste.

Hegaluze txikia, berriz, 4 eta 7 kilo bitartekoa da. Asko bildu dute aurtengoan eta, gutxi gorabehera, 2,80 eurotan saldu dute kiloa. 

Zimarroiaren eskubideak salduta

Hegaluzearen kanpaina ona izan da. Sanpedroen ostean hasi eta urrira arte harrapatu dute atuna. Txikia bildu dutenez, arrastre-arrantzan aritzen direnen lehiarik ez dute izan, atun txikiek arrastrekoen sareak hausten baitituzte.

Zimarroia ez dute bildu, hegaluze mota hori harrapatzeko zeukaten lizentzia saldu egin dute eta. 

Arrantzaren etorkizun iluna

Orion sei bapore daude egun. Bapore bakoitzean patroi bana dago. Horrez gain, 84 marinel daude lanean. Bataz beste, bapore bakoitzean hamabost pertsona daude lanean. Hortaz, itsasoan 90 lagun aritzen dira guztira lanean.

Koefientzi murritzailea daukate, hau da, itsasoan lan egiteagatik lehenago jubila daitezke. Epe laburrean, badira jubilatzear dauden bi arrantzale. Bi urteren buruan, hain zuzen. Beste batzuk, berriz, sei urteko epean jubilatuko dira.

Armadore gazteenak 45 urte ditu. Gaur egun ez dabil patroi lanetan, baina etorkizunean hartu lezake ontzia gidatzeko ardura. Marinel gazteenak 40 urte beteko ditu. 

Hamar urte barru, etorkizun beltza izango du, hortaz, arrantzak Orion. Orion eta Euskal Herrian. Euskal portuen itxura zeharo aldatuko da.

Familiako lanbidea izan da arrantzaleena, jenerazioz jenerazio transmititu dena, baina jarraipena ezbaian duena. Duela urte batzuk, krisiak gogor jo zuenean, lehorrean –eraikuntzan, adibidez– lanean zebilen jende asko itsasora itzuli zen. Orain, aldiz, itsasoa bizimodu izan nahi duen gazteen premia dago. Horren beharra dago arrantzaren etorkizuna ez dadin hain iluna izan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide