Euskaraz bizi-bizi

Euskararen erradiografia Orion

Karkara 2015ko abe. 3a, 18:35

Orio esukararen arnasgune dela jakina da, baina, nolako osasuna du? Abenduaren hirua gertu dela eta,  euskararen erradiografia egin du Karkarak, gure hizkuntzak herrian zer nolako osasuna duen ikusteko. 

Orio euskararen arnasgunea dela gauza jakina da, herrian hizkuntza gutxituak arnas lasai hartzen duela, bere erabilera arrunta dela kalean, etxean, lagunartean eta beste esparruetan.

Kalera irten eta haurrak parkean euskaraz jostatzen entzutea da ohikoena, baita erosketak egiterakoan euskaraz ordaintzea ere. Baina, ba ote dakigu zein den birika horien benetako osasuna? Ezagutzen al dugu euskararen sakoneko egoera?

Euskararen eguna gertu dela eta, Orion euskara nola dagoen ulertzeko erradiografia egin du Karkarak. Euskarak esparru desberdinetan duen presentzia ezagutzeaz gain, gure hizkuntzarekin harreman berezia dituzten hainbat pertsonen historiak ezagutzeko aukera izango du irakurleak.

Hizkuntza gaitasuna eta kale erabilera

2011n eginiko estatistiken arabera, Orioko biztanle gehienak euskaldunak dira: %76, hamar lagunetik ia zortzi. Beste aldean, ia euskaldunak %13 dira, eta erdaldunak %10.

Aurreko urteetako datuei begiratuz gero, azken urteotan euskaldunen portzentajeak behera egin duela ikus daiteke: 1996an oriotarren %83 ziren euskaldunak, 2001ean %80 eta 2006an %77.

Euskaldun proportzio handiena gazteen artean dagoela diote datuek. 1999an Siadecok egindako azterketaren arabera, hogei urtetik beherakoen artean %99 ziren euskaldunak eta, gehienak euskaraz hobeto moldatzen ziren gaztelaniaz baino. 2011n, berriz, bi urtetik hamalaura bitarteko haurren %90 inguru eta hamabost eta hogeita hamalau bitarteko gazteen %80 inguru ziren euskaldunak. Gainera, euskaraz ez dakiten haur eta gazte batzuk badirela erakusten dute datuek, batez ere etorri berriak.

Baina hizkuntza gaitasunetik harago erabilera dago. Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak bi urtetik behin euskararen erabileraren kale neurketak egiten ditu. Neurketa horiek diotenez, euskararen kale-erabilera ez handitzeaz gain, jaitsi egin da adin-tarte batzuetan.

Helduen erabilera-maila nabarmen jaitsi da: 2011n helduen %61,19ak egiten zuen euskaraz eta 2013an %55,87ak. Gazte eta haurrena, berriz, oso altua da eta urtez urte eusten diote. 2013an %88,5ek hitz egiten zuen euskaraz.­

Hezkuntza

Herriko bi eskoletan D eredua dago, beraz, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza euskaraz egiten dituzte herriko umeek.

Horrez gain, bai Zaragueta Herri Eskolak eta bai Orioko Herri Ikastolak martxan dituzte Hizkuntza Normalkuntzarako programak. Programa horien baitan euskararen sustapenerako eta motibaziorako hainbat jarduera egiten dituzte.

Erabileraren alorrean ikerketak egin dituzte bi ikastetxeek. Ikerketa horren arabera, Ikastolako ikasleen %95,2k euskaraz egiten du gela barruan eta %93,4k gelaz kanpo. Zaraguetan ikasleek bi hizkuntzatan hitz egiten dute. Juan Jose Zubizarretaren, eskolako zuzendariren arabera, ohiturak dituzte; garbi bereizten dute irakasleekin ari diren, beren artean ari diren edo eskola jardueretan ari diren.

Euskaraz ez dakiten atzerritar gero eta gehiago matrikulatzen dira ikastetxeetan, eta horiek euskalduntzeko lan-ildoak eta prozedurak zehaztuta dituzte. Ikasle berrien jatorrizko hizkuntza kontuan izaten dugu beti –dio Saizarrek– ezin baitzaio trataera bera eman gaztelania dakien ikasle bati edota beste hizkuntza baten jabe denari. Ikastolak hizkuntza erabileren behaketa prozesuak ditu, eta horien emaitzaren arabera esku-hartze planak lantzen dituzte. Zaragetan ere badute Harrera Plana. Gaztelera ezagutzen ez duten herrialdeetatik datozen ikasleak erabat murgiltzen dira euskararekin eta azkarrago ikasten dute –dio Zubizarretak–; gaztelera ezagutzen duten ikasleek, ordea, komunikatzeko euskararen beharrik ikusten ez dutenez, ikasketa prozesua luzatu egiten da.

Euskalduntze-alfabetatzean pauso bat: Euskaltegia

Euskara irakasteko zerbitzuen alorrean aurrerapauso handia eman du Udalak ikasturte berriarekin: Euskaltegi berria ireki du. Orain arte urtero egiten zen euskara ikastaro eskaintza irailean; Zarauzko AEK-k kudeatzen zuen eta Kultur Etxeko gelatan ematen ziren. Taldeak osatzeko, ordea, zailtasunak izaten ziren.

2015-2016 ikasturtearekin batera euskaltegi zerbitzu berritua dute oriotarrek, doakoa eta aurrekoa baino zabalagoa. Hasteko, toki fisikoa du orain, Kosta Tailerrean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide