Euskarak 365 egun

Jason Coon: ­“Gure seme-alabek beste hizkuntzak ezagutzea nahi genuen”

Karkara 2015ko abe. 3a, 13:42

Jason Coon Orion bizi den estatu batuarra da. Familiarekin etorri zen, emaztearekin eta seme-alabekin. Guztiek ulertzen dute euskara, eta gurasoak hitz egiteko gai dira.

Nola hartu zenuten Euskal Herrira etortzeko eta euskara ikasteko erabakia?

Estatu Batuetan haur eta gaztetxoentzako udalekuetan egiten genuen lan. Kanpamenduak Donostiako elkarte batekin harremana du, eta euskal ikasleak joaten ziren ingelesa ikastera. Horrela ezagutu genuen Euskal Herria, hango jendea eta hango hizkuntza. Guk ez dugu amerikar tipikoak izan nahi, Estatu Batuak herrialde handiena eta ingelesa hizkuntza bakarra dela pentsatzen dutenak bezalakoak. Gure seme-alabak mundua maitatuz heztea nahi dugu, eta beste kulturak eta herrialdeak ezagutzea, beste hizkuntzak hitz egiteko gai izatea. Euskal Herriko jendearekin harremana egin genuen; Orioko, Lazkaoko, Oñatiko, Lezoko eta hainbat lekutako jendea ezagutu genuen. Horrela, hona etortzea erabaki genuen. Urtetik urtera joatea pentsatu dugu, gure seme-alabek euskara ikas dezaten, hemen oso garrantzitsua delako.

Ba al zenekiten euskararik hona etorri aurretik?

Bai, zerbait ikasi genuen, internetez. Gainera, han lagun euskaldunak genituen eta berekin zerbait praktikatu nezakeen. Zenbakiak, abestiak... ikasi nituen.

Zer moduz doa ikasketa prozesua hemen?

Txikia eta familiarentzako bizitoki ederra izateaz gain, hemen dena euskaraz egiten delako aukeratu genuen Orio. Guk euskaraz ikasi nahi genuen gazteleraz baino lehenago, Euskal Herrian bizita bertako hizkuntza hitz egin nahi genuelako. Gainera, lehenago gazteleraz ikasiz gero euskara ez genukeela ikasiko bagenekien. Horregatik, umeek bezala ikasi nahi genuen, euskaraz lehenengo eta gazteleraz gero, entzuten eta hitz egiten. Gure ikasketa nagusia kalean gertatzen da, lagunekin. Horrez gain, nire emaztea euskaltegian dago. Eukenerekin, euskaltegiko irakaslearekin, biltzen gara ahozkotasuna lantzeko.

Zaila egiten al zaizu euskara?

Hitzak ez dira zailak, pentsatzeko modua egiten zait zailena. Esaldien ordena desberdina da ingelesez edo euskaraz, eta desberdin pentsatzen ikasi behar dut. Baina hori ona da, beste modu batera pentsatzen ikastea positiboa da guztiontzat.

Nolakoa da oriotarrekin harremana?

Hasieran urduri ginen, bertako jendea itxia zela entzun genuen. Baina, guretzat behintzat, kontrakoa da. Euskaraz ikasten ari garela jakiten dutenean erantzuna oso ona da. Jendea oso irekia da gurekin.

Umeak ikastolan daude.

Bai, oso gustura daude. Bi gazteenek euskaraz ongi ulertzen dute dagoeneko, baina oraindik ez dute hitz egiten. Zaharrenen prozesua mantsoago doa, izan ere, adin horietan, beste umeek badakite ingelesez eta horrela hitz egiten hasi dira lagunartean. Baina hori ere oso ona da gainontzeko haurrentzat, ingelesez hitz egin dezaten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide