Arrauna 2015

Hasi da bandera dantzan jartzen duen haizea Kontxan

Karkara 2015ko abu. 28a, 10:16

35 ontzi sailkapenaren bila. Datorren ostegunean emakumezkoen 12 eta gizonezkoen 24 traineru ahaleginduko dira Kontxako banderaren aldeko lehian sartzen.

Urtetik urtera, zenbaki gero eta biribilagoa. Aurtengoan 35. Emakumezkoetan 12 traineru eta gizonezkoetan 24. Tostartean izango diren arraunlari guztiek buruan iltzatuta dute irailaren 3a. Egutegian gorriz biribilduta duten eguna da datorren osteguna. Jokoan urteko estropadarik garrantzitsuenerako sailkapena dago jokoan.
Estropada bakarrean erabakiko da Kontxan nortzuk lehiatuko duten.

Amets batetik bestera

Irailaren 3an, 17:30etik aurrera, erabakiko da Kontxan nork hartuko duen parte. Ordu horretan emakumezkoen sailkapena jokatuko da. Ohi bezala, erlojuaren aurkako proba izango da. Bi taldetan banatu dira, eta lehendabizikoan dago Orio, Euskotren Ligako beste hiru partaideekin –San Juan, Zumaia eta Hibaika–, eta Getaria-Zarautz eta Caborekin batera. Bigarren taldean, berriz: Donostia Arraun, Hernani, Oiartzun, Colindres eta Chapela. 12 ontzi guztira, seiko bi taldetan banatuta. Zortzi tripulazio gipuzkoar, bi galiziar eta kantabriar bat.

Iazko egoeraren oso errealitate ezberdina bizi du aurten Oriok. Pasa den urtean sailkatzea zuten helburu printzipala. Sailkatzea eta, ondoren, gozatzea. Ametsa zen berentzat Kontxan parte hartu ahal izatea. Bete zuten ametsa eta kendu zuten aurreko urteetako arantza.

Aurten, ordea, koska bat egin dute gora. Sailkatzea ametsa baino betebeharra da oraingoan. Euskotren Ligan onenen artean ibili dira, lehiakorrak izan dira eta gauzak estu jartzeko kapaz izan dira. Hortaz, Kontxan, itsutu gabe, onenen artean onenak izaten ahaleginduko dira.

Kolore berdea horiz tindatu

San Miguel ligan jaun eta jabe ari da izaten Hondarribia. Hogeita bat estropadatik hamabost jokatu dituzte, eta hamabost bandera horietatik hamar Hondarribiak astindu ditu. Dena esanda dago, beraz. Baina Kontxa berezia da. Kontxak ez du zertan Ligaren isla izan behar. Kontxak Ligako zenbakiak hankaz gora jar ditzake. Kontxan dena da posible.

Eta posible den horren bila joango da aurten Orioko trainerua, banderaren bila. Hogeita lau talde saiatuko dira banderaren lehian sartzen irailaren 3an, 18:00etatik aurrera. Bi taldetan egingo dute sailkapen estropada. Lehen taldean TKE Ligako partaideak eta KAE Ligako irabazlea egongo dira: Getaria, San Juan, San Pedro, Hondarribia, Urdaibai, Kaiku, Zierbena, Portugalete, Cabo, Tiran, Astillero eta Orio, herriko taldea. Bigarren taldean ondorengoak egongo dira: Zumaia, Zarautz, Hibaika, Oiartzungo Itsaslapurrak, Ondarroa, Lekittarra, Deustu, Pedreña, Murgados, Amegrove, Ares eta Castropol.

Azken honek, Castropol tripulazio asturiarrak, Meirak sailkatze estropadari uko egin diolako hartuko du parte. Duela hamabost urte hartu zuen azkenekoz parte Castropolek, 2000. urtean. Urte hartan 18. postua lortu zuen 21:26:63 denborarekin.

Gizonezkoetan, guztira, bederatzi traineru gipuzkoar, zazpi bizkaitar, bi kantabriar, bost galiziar eta asturiar bat izango dira. Eta Oriok, traineru horietatik guztietatik azkarrena izatea du helburu.

Bi jardunaldiko estropada

Sailkapen estropada horren ondoren hasten da lehia nagusia. Orduan jartzen da Kontxako trapu preziatua lehian. Bi igandetan izaten da estropada, Zarautzen bezala. Lehendabizikoa irailaren 6an izango da, goizeko 11:00etan hasita. Lehendabizi emakumeek egingo dute arraun eta ondoren, handik ordu betera, 12:00etan, gizonezkoek.

Handik astebetera, irailaren 13an, bigarren estropada jokatuko da. Ordu berean izango dira, bai emakumezkoena, bai gizonezkoena. Bigarren igandeko ohorezko txandako partaideak lehenengo igandean erabakiko dira, irailaren 6an. Lau ontzi azkarrenak lortuko dute ohorezko txandan lekua izatea.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide