Arrauna 2015

Tartea txikitzen, oraindik handia den arren

Karkara 2015ko eka. 12a, 08:05

Kontxako Estropadetan sari potologoak izango dituzte aurten neskek, nahiz eta mutilekin alderatuta aldea oraindik handia den.

Pausoka pausoka, bagoaz aurrera, gizon eta emakumeen arteko berdintasunera bidean. Eta, Donostiako Udalak, urrats bat aurrera eman du. Orioko emakume arraunlariengan, besteak beste, eragina izango duena. Izan ere, Kontxako Banderan emakumeen saria hobetzea erabaki dute arduradunek.

Iaz 10.000 euroko saria lortu zuen emakumezkoen traineru irabazleak, San Juanek. Aurten, lehengo urtean baino 2.000 euro gehiago lortuko ditu garaileak, 12.000. Dena den, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aldea, oraindik, handia da, mutiletan talde txapeldunak 24.000 euroko saria izango baitu. Alde nabarmena da, txikitu den arren. 

Lehen sailkatuetan diru irabaziak gora egiteaz gain, ondorengo bi sailkatuek ere iaz baino sari potoloagoa izango dute. Bigarren sailkatuak 2014an 6.800 euro irabazi zituen eta aurten 8.000 euro irabaziko ditu. Hirugarren sailkatuak 5.300 euroren ordez 6.000 euro lortuko ditu. Eta, laugarren sailkatuak, iaz, 3.700 euro lortu zituen eta aurten 4.000 irabaziko ditu.

 

Horrez gain, aurten, lehen sailkatutako traineruko kide guztientzat erreprodukzio txiki bana egingo dute eta ondorengo hiru sailkatuentzat garaikurra ere izango dute. Gizonezkoetan lehen lzortzi sailkatuek izango dute saria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide