Korrika

Salsamendi, Illaro eta Eizagirre IV. Bertso Txapelketako irabazleak

Karkara 2015ko mar. 23a, 09:38

Igor Salsamendik, Arrate Illarok eta Egoitz Eizagirrek irabazi zuten Errikotxiak antolatutako Orioko Taldekako IV. Bertso Txapelketa.

Errikotxia bertso eskolan aritzen dira hainbat herritar bertsotan. Bertsolari ez hain aritu horiei plaza ematea da Orioko Taldekako Bertso Txapelketaren helburua. Larunbatean jokatu da txapelketa horren laugarren edizioa eta balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.

Txapelketa, orokorrean, bestetan baina hotzagoa izan zela aipatu du Egoitz Eizagirrek. Dena den, bertsolariak gustura aritu zirela azaldu du eta bera ere emaitzarekin pozik dagoela. Lehen finalaurrekoa Satxota Sagardotegia jokatu zen, euskalzaleen bazkaria eta gero. Ainhoa Zumeta eta Eneritz Odriozolak aurkeztu zuten saioa. Bertsotan Eizagirre bera, Arrate Illaro eta Igor Salsamendi aritu ziren, alde batetik; beste taldean, Imanol Lizarazu, Mikel Iruretagoiena eta Antxon Manzisidor aritu ziren.

Bigarren finalaurrekoa Errusta tabernan jokatu zen, arratsaldeko 20:00etan. Jokin Salsamendi izan zen aurkezlea eta bertsotan, lehen taldean, Ibai Esoain, Rosi Lazkano eta Aitor Arregi; eta, bigarren taldean, Iñaki eta Iker Gurrutxaga, eta Unai Manterola.

Final handia Kalakari tabernan jokatu zen, gauerdian. Oskia Yabenek aurkeztu zuen saioa eta laugarren edizioko txapela zegoen jokoan. Igor Salsamendi, Arrate Illaro eta Egoitz Eizagirre izan ziren txapeldunak.

Finaleko artista gonbidatua Jon Agirresarobe izan zen. Kanporaketetan Maider Sukia, Laida Iturralde, Iñaki Larrañaga, Zigor Esoain eta Ibon Berasaluze izan ziren gonbidatuak. Eizagirreren ustetan txalotzekoa da artista horien prestutasuna eta egun horretako parte inportante bihurtu direla aitortu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide