Bihar hasiko da Korrika Urepelen eta irteera antolatu duzue eskualdetik joateko. Zein da egitaraua?
Bihar, martxoaren 19an, Urola Kosta guztitik Urepelera joateko autobusa antolatu dugu. 9:30ean irtengo gara eta 19:30ean itzuli. Han goizean haurrentzako gauzak egongo dira gehienbat: korrika txikia eta karrika animazioak. Herri bazkaria ere antolatu dute, baina komeni da joaten denak jateko gauzak eramatea, Urepele herri txikia baita eta jende asko joango da.
16:00 kantaldia dago plazan, 16:40etan Urepeleko korrika batzordeak hitz hartuko du. Bertsolariak ere egongo dira eta gero AEKren hitzaldia. Hori guztia amaitu ondoren 17:00etan Korrikari hasiera emango zaio.
Gauean kontzertuak egongo dira Baigorrin, baina guk antolatutako autobusa 19:30ean itzultzen denez, bertan geratu nahi duenak bere kabuz itzuli beharko du.
Zenbat jende joango da hemendik?
Eskualde osotik autobus bat aterako dugu, uste genuena baino jende gutxiagok eman du izena.
Eta Bilbora?
Martxoaren 29an Bilbora goaz Korrikaren amaierara. Izen-ematea irekita dago oraindik, martxoaren 23ra arte, Kultur Etxean eta Kolon Txikin 10 eurotan. 9:00etan abiatuko gara eta 20:30ean itzuliko gara egun horretan.
Garrantzitsua iruditzen zaizu Korrika hasten den eta amaitzen den lekuetara irteerak egitea?
Oso garrantzitsua da guretzat, batez ere Urepelera. Azken finean, badakigu Bilbora jende asko joango dela eta ekimen handi bat izango dela. Baina Urepele bezalako herri txiki batera jendea animatzea Korrikari garrantzia handia ematea da. Ez da gertu geratzen den leku bat, baina oso berezia izango da irteera hori.
Oso erraza da Bilbora joatea, eta egin beharrekoa, baina Urepelera joateak ere indarra emango dio Korrikari.
Korrika batzordea dago Orion bertako egitaraua osatzeko. Nola egiten duzue lana?
Korrika batzordea bi astetik behin elkartzen da, korrika kulturala antolatzeko. Egitarauak eta proposamenak aztertu eta astean zehar egingo diren ekitaldiak programatu eta prestatzen dira.
Orioren kasuan oso erraza izan da batzordearekin lan egitea: bai udalaren aldetik –Jabier Zabaletak lan handia egin du–, baita batzordekideen aldetik lan egiteko gogo handia ikusi dut. Korrika kulturaleko egitarau polita atera da azkenean.