Korrika

Agurainera, arnasa zabaltzera

Karkara 2015ko mar. 20a, 11:36

Kiroldegian eta kultur etxean eman daiteke izena, hiru euroren truke. 50 lagun inguru batzeko asmoa dute antolatzaileek.

Eman eta jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori. Eta, horixe egin nahi izan dute, hain zuzen, Orioko Curriculuma Sortzen eta Euskaraz bizi-biziko taldeek. Elkarlanean Zabaldu arnasa korrika ekimena antolatu dute. Agurainera joango dira, bertakoekin korrika egitera, arnasgunean bizitzeak dakarren poza transmititzera eta beren kontzientziatik ikastera. Ematera eta jasotzera.

Martxoaren 28an izango da txangoa, larunbatarekin. Irteera honen asmoa ez da ikasgaiak ematea, Jabi Zabaleta Orioko euskara teknikariak azaldu duen bezala: Ez goaz ezer erakustera; babesa ematera goaz, laguntzera. Irakatsi baina gehiago ikasi egingo dutela azpimarratu du.

Irteera honen funtzioa, beraz, Aguraingo euskaltzaleei arnasa ematea da. Baina, oriotarren kontzientzian ere eragitea du helburu. Orio euskararen arnasgunea dela esaten dugu hainbatetan, eta oriotarrei hala dela sinestarazi diogu. Baina, horrek ere badu erantzukizun bat. Oriotar bat kanpoa joaten denean euskaldun portatzen jarraitu behar du, ez du hizkuntzaren aldaketa automatikoa egin behar. Asmoa, beraz, Agurainen ere euskaldun portatzea da, normaltasunez. Euskalgintzako Aguraingo jendeak eramango du lekukoa eta gu haiekin batera joango gara, tropelean, kuadrillan, dio Zabaletak. Zalaparta sortuko dugu, guztiok horiz jantzita.

Orioko Curriculuma Sortzen taldearentzat jarduera sinboliko hori guztia beren euskara proiektuaren isla da. Hau da, curriculumak Orio euskararen arnasgunea dela azpimarratzen du, honela, Oriora etortzen den irakasle batek badaki nora datorren, zer errealitate dagoen herrian.

Aguraingo AEKri azaldu genion hara joateko ideia, eta haiek, hasiera-hasieratik, ondo hartu zuten. Ongi iruditu zitzaien hara joatea berekin batera korrika egitera. Orain, oriotarrak animatzea falta zaie. Herriko euskalzale, korrikazale eta erronkazaleak animatu nahi ditugu hara joatera. Orain arte sekula egin ez den ekimena da, hortaz, jendea kiroldegian eta kultur etxean izena ematera animatu nahi ditugu, azaldu du Iñigo Gaiton Orioko Curriculuma Sortzen taldeko kideak. Hiru euro ordainduta joan-etorriko autobusa eta kamiseta horia emango zaie korrikalari guztiei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide