Korrika

Korrika Orioko arnasgunetik

Karkara 2015ko mar. 2a, 14:25

Orioko Euskahaldunak. Orioko Curriculuma Sortzen eta Orioko euskaraz bizi-bizi

Orioko euskahaldunak gogo handiarekin geunden aurtengo Korrika iristeko. Herriko gazteek esaten duten bezala, zeharo motibatuta. Izan ere, erabaki genuen aurtengo Korrika bitan ospatuko genuela: herrian bertan, beti bezala, eta horrez gain, Euskal Herriko beste lekuren batean.

Eta hori nolatan? galdetzen digute, zergatik?...

Soziolinguistikan adituek diotenez, arnasgune bat da Orio euskararentzat. Hau da, euskara nagusi da Orion, erraza eta normala da Orion euskaraz bizitzea, eta Orio bezalako herri euskaldunetan arnasa hartzen dugu bai euskarak eta bai euskahaldunok.

Gozamena da herrian nonahi eta noiznahi euskaraz barra-barra aritu ahal izatea; baina Orioko euskahaldunon ustez, gozamena ez ezik, ardura ere bada arnasgune izatea.

Izan ere, birikak ez du arnasa hartzen beretzat bakarrik. Birikak ez du arnasa hartzen birika bizi dadin bakarrik. Gorputzeko atal guztiak indartu eta hazi daitezen hartu behar du arnas birikak, gorputz osoarentzat.

Hori da, gure ustez, arnasgune garen aldetik, oriotarroi dagokigun egitekoa: birika gisa lan ondo egin, eta Euskal Herri osoari ekarpenen bat egiten saiatzea.

Horregatik, gure helburua ez da bakarrik Orion euskara indartzea eta herrian euskararen geroa ziurtatzea. Iruditzen zaigu harago doala gure zeregina.

Herrian euskahaldun kontzienteak sortu nahi ditugu. Euskal hiztun izatearen kontzientzia ez ezik, arnasgune bateko hiztun izatearen kontzientzia ere baduten oriotarrak. Kirolariak, artistak, arotzak, medikuak, soinu teknikariak, arkitektoak, informatikariak, publizistak, politikariak, irakasleak... Orion ez ezik, Euskal Herria osoan ere euskahaldun arnas-emale izango direnak.

Labur esanda, konbentzituta gaude euskararen arnasgune bat garen aldetik, ahalegindu behar dugula Euskal Herri osoko euskahaldunei ere arnas pixka bat ematen. Eta ideia hori zabaldu nahi dugu Korrika honetan.

Aurrena, etxeko lanak egin genituen, herriko eragileen artean Orio inguruko kilometro guztiak erosiz. Eta, gero, Korrikaren antolatzaileekin jarri ginen harremanetan, eta esan genien kilometro gehiago egin nahi genituela. Euskaraz bizitzea zailagoa den inguru batera joan nahi genuela, gure mezu baikorra hango euskahaldunekin partekatzera eta haiekin batera korrika egitera, euskaraz, zalapartaka, alai…

Antolatzaileek beso zabalik hartu zuten gure eskaintza. Agurainera joateko proposatu ziguten, eta gustu handiz onartu dugu aukera. Hortaz, martxoaren 22an Orion egingo dugu Korrika aurrena, eta gero, 28an, Agurainera joango gara, oriotarron kamiseta horiak jantzita, Korrika egitera eta Lautadako euskaltzaleen arnasari gurea gehitzera, festa giroan.

Badakigu ekintza xumea dela gurea, eta egun bateko gure ahaleginak ez duela inon ezer askorik aldatuko. Benetako gogoz aterako gara, ordea, bai Orion bai Agurainen. Herriko gazteek esaten duten bezala, zeharo motibatuta, eta bidean aurkitzen ditugun guztiak motibatzeko irrikatan.

Argi eta garbi dugulako zabaldu nahi dugun mezua: Euskal Herri osoko euskahaldunak, zuekin gaude arnasguneetakoak! Batu ditzagun ahalmen pertsonal eta kolektiboak, hango eta hemengo ahaleginak, eta animo! Noizbait Euskal Herri osoa izan dadin euskararentzako arnasgune!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide