Korrika

Martxan da 19. Korrika

Karkara 2014ko abe. 17a, 12:18

Korrika antolatzeko herrietan lan-taldeak osatuko dituzte. Oriotarrekin lehen bilera bihar izango da, abenduaren 18an, Orioko Kultur Etxean., 19:30ean.

Urepelen korrika hasi eta Bilboraino. Martxoaren 19tik 29ra. 10 egunez, gelditu gabe. Gau eta egun. Bidean, kilometrotik kilometrora gutxi gorabehera, lekukoa eskuz aldatuko da, euskararen aldeko kontzientzia eskuz esku suspertzeko asmoz. Euskal Herria zeharkatuko du Korrikak hemeretzigarren aldiz.

Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko. Bi mila kilometrotan milaka pertsona, hizkuntzaren berreskurapenaren alde korrika. Lekukoan sekretupean gordetzen den mezuak hizkuntzaren normalizazioa izaten du, normalean, helburu. Urepeletik Bilborako bidea egingo du mezuak, eta helmugara iristean irakurriko da.

Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen zioen, iaz, Amets Arzallusek Baionan. Herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu, berresten dute, orain, antolatzaileek, euskahaldundu gaitezen.
Antolatzailea AEK da, euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakundea. Hori lortzeko, helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak jorratzen ditu, batik bat. Kultur ekitaldiak, mintzapraktika programak, lantegi eta erakundeen normalizazio planen diseinua eta garapena, eta euskararen aldeko kontzientzia kanpainak ere egiten dituzte.

Korrikan jasotako dirua AEKk, Euskaltzaindiaren babespean, sortutako gau-eskolak eta euskaltegiak laguntzeko erabiltzen da. Horrez gain, 19. Korrikak ahalmen metaketa izan nahi du. Bide berrien abiapuntu.

Korrika Orion antolatzeko lan-taldeak

Prestakuntza lanak aspaldi hasi ziren. Orain, herriz herriko lan-taldeak sortzea tokatzen da, herrian egingo diren lanak bideratzeko. Orion aste honetan egingo da lehen bilera, bihar, abenduaren 18an, arratsaldeko 19:30ean, Kultur Etxean.

Urola-Kostako AEKren ordezkari bat izango da bileran, aurten Korrikaren gorabeherak azaltzeko. Ibilbidea zein izango den esango du, ekitaldi nagusiak aitatuko ditu, omendua nor izango den ere azalduko du, zein material sortuko den, mezua zein den... argibide guztiak emango ditu, beraz.

Bilera irekia da eta gonbidatuta daude herriko kultur eta kirol elkarte guztietako ordezkariak eta herritar euskaltzaleak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide