Unibertsitate-ikerketaren garrantziaz jabetuta, Zaragueta Herri Eskolak aurreko ikasturtetik parte hartzen du ikerketa horretan. Hain zuzen, ingurune konplexuetan eskolen hezkuntza-errendimenduan eragina daukaten faktoreak identifikatzea eta ezaugarritzea da helburua.
Bertaratutakoen artean Aitor Uriondo (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendaria) egon zen, eta Eraldatzen programan parte hartzen dugun eskolen lana goraipatu zuen, ekitatearen eta inklusioaren alde egiten dugun lanagatik.
Sheila González Motosek (Bartzelonako Unibertsitateko doktorea) azalpenak eman zituen konplexutasun handiko inguruneetan eskolarako sarbideari eta garapenari buruz. Horiek hobetzeko politika instituzionalek duten eragina eta ardura azpimarratu zituen.
Azkenik, Paula Álvarez eta Ane Zubizarreta HUHEZIko ikerlariek hartu zuten hitza ikerketaren behin-behineko ondorio nagusia laburbiltzeko: alegia, ikastetxeak osatzen duen komunitatea eta lidergoa gako-elementuak direla hezkuntzan aniztasunaren aldeko politiken arrakastarako.
Hitzaldiak entzun ondoren, Eraldatzen programako bertaratutako eskolek zein arduradunek lan-dinamika batean parte hartu zuten, lidergoaren, komunitatearen eta ebaluazio-kulturaren inguruan hausnartzeko eta ideiak partekatzeko.