Zaragueta, Orioko Herri Eskola, 50 urte euskararen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta herri eskola

Zaraguetako irakasleen argazki zahar bat. (Zaragueta Herri Eskola)

Zaragueta Herri Eskolak 50 urte beteko ditu D ereduaren bidean, eta ikasle ohiei, irakasleei, familiei eta herritarrei dei egin die, bost hamarkadetako bizipenak bildu eta Oroimenaren Kutxa osatzeko.

Zaragueta Herri Eskolak mugarri berezia ospatuko du 2026-2027 ikasturtean: eskolan D eredurako bidea hasi zenetik 50 urte beteko dira. Bost hamarkadatan, Orioko haur eta gazteen belaunaldi ugari hazi eta hezi dira Zaraguetan, euskara ikasteko tresna ez ezik, bizitzeko, harremanak egiteko eta herriarekin loturak ehuntzeko hizkuntza izanik.

Urteurrenaren harira, Zaraguetak bere historiaren parte izan diren pertsona guztien memoria berreskuratu eta bildu nahi du. Horretarako, Oroimenaren Kutxa osatuko du, ikasle ohien, irakasleen, langileen, familien eta herritarren testigantza, pasadizo, argazki eta oroitzapenekin.

50 urte euskararen bidean

Zaragueta 1972an sortu zen, Orion eskola berria eraiki zenean. Garai hartan irakaskuntza erabat gaztelaniaz egiten zen, baina ikastetxeak, Gipuzkoako beste bost ikastetxerekin batera, euskara irakaskuntzan txertatzeko esperientzia aitzindaria abiatu zuen.

Gurasoen eta hezkuntza-komunitatearen bultzadari esker, hasieran euskara ikasgai gisa ematen hasi zen; ondoren, Haur Hezkuntzan B eta D ereduak ezarri ziren; eta, pixkanaka, Zaragueta D ereduko ikastetxe bihurtu zen.

Bide hura ez zen hizkuntza aldaketa hutsa izan. Euskarazko irakaskuntzarekin batera, berrikuntza pedagogikoa, familien parte hartzea eta eskolaren eta herriaren arteko lotura indartu ziren. Zaraguetako gelak herriko kultur jardueretara ireki ziren, eta eskola Orioko komunitatearen eragile aktibo bihurtu zen.

Bost hamarkada geroago, orduan irekitako bideak bizirik dirau. Gaur egun, euskara da eskolako eguneroko bizitzako eta ikasketetako hizkuntza, eta Zaraguetak arreta berezia eskaintzen dio euskal kulturaren transmisioari. Herriari, hizkuntzari eta komunitateari estuki lotutako hezkuntza-proiektua du.

Oroimenaren Kutxa: Zaraguetaren historia, herritarren ahotsetatik

50. urteurrena ez da soilik ikastetxearen ospakizuna izango. Zaraguetaren historia eraiki duten pertsona guztiekin partekatu nahi den urteurrena izango da. Horregatik, eskolak Oroimenaren Kutxa osatzeko deialdia zabaldu die ikasle eta ikasle ohiei, irakasle eta langileei, familiei eta, oro har, Zaraguetarekin loturaren bat izan duten herritar guztiei.

Helburua azken 50 urteetako bizipenak, istorioak eta irudiak bildu eta Zaraguetaren memoria kolektiboa osatzea da; urte hauetan eskolak eta bertako komunitateak bizi izandakoa gordetzeko eta belaunaldi berriei helarazteko.

Eskolako lehen egunaren oroitzapena, gelako pasadizoren bat, lagunekin bizitako une berezi bat, irakasle baten oroitzapena, txango bat, jai edo ospakizun bat, argazki zahar bat... Ekarpen guztiek dute lekua. Istorio txiki horiek baitira, azken batean, Zaraguetaren 50 urteko historia osatzen dutenak.

"Zein da Zaraguetaz gordetzen duzun oroitzapena?". Galdera horrekin, eskolak herritarrak beren memoria arakatzera eta gordetako bizipenak partekatzera gonbidatu nahi ditu.

Testigantza, pasarte, argazki edo bestelako oroitzapenak 688 82 78 71 WhatsApp zenbakira bidali ahal izango dira, Zaragueta Oroimenaren Kutxa adierazita. Mezuarekin batera, izen-abizenak eta ikastetxearekin izandako harremana adieraztea eskatzen da. Deialdiak, gainera, oroimenen katea osatzeko gonbita egiten du. Horrela, oroitzapen batetik bestera, pertsona batetik bestera, 50 urte hauetako memoria partekatua osatu nahi du eskolak.

Jasotako ekarpenekin Oroimenaren Kutxa osatuko da, bost hamarkada hauetako bizipenak bildu, gorde eta etorkizunera eramateko.

Sustraietatik, etorkizunera

Pertsonak, hezkuntza eta Orio bera aldatu dira bost hamarkada hauetan. Zaraguetak ere aldaketa horiekin batera egin du bidea, baina bere funtsari eusten dio: Orion hazteko, euskaraz bizitzeko eta sendo ikasteko eskola izatea. Herriari, hizkuntzari eta komunitateari lotutako hezkuntza proiektua da, haur bakoitzari bere ibilbidean aurrera egiteko oinarri sendoak eskaintzen dizkiona; ezagutzak eskuratzeaz gain, lagunak egiteko, ingurunea ezagutzeko eta konfiantzaz, autonomiaz eta jakin-minez hazteko aukera emanez.

50 urte daramatza Zaraguetak belaunaldiak euskaraz hezten, eta ibilbide horrek eraiki du gaur egungo eskola sendo eta bizia. Orain, esperientzia horretatik begiratzen dio etorkizunari: sustraiak mantenduz eta hezkuntza-proiektuaren kalitatea, berrikuntza eta komunitatearen indarra belaunaldi berrien zerbitzura jarriz. 50 urte euskaraz hazten, etorkizunari begira. Zaragueta: Euskaraz hazi, sendo ikasi.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide