Zaragueta Herri Eskolan, irakurketa lan-ildo estrategikoa denez, horri lotutako bi azpisaretan parte hartzen dugu: Irakurketa-idazketa azpisarea (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza) eta Ulermen Estrategiak DBHn. Batean zein bestean lan handia egin dute Berrikuntza Arduradunek: formazioa jaso, baliabideak sortu, eskoletako praktika onak ezagutu, irakasleekin elkarbanatu, gure geletan inplementatu, eta ebaluatu.
Gaurkoan, gure lankidea den Karen Tejado Sánchez-ek azalpenak eman ditu kontzientzia fonologikoaren inguruan. Izan ere, aurreko urtean hasitako lana osatuta, jada Haur Hezkuntzako gela guztietan landu da ikasturte honetan. Irakasle taldea gustura aritu da, eta ikasleen aurrerapausoak ikusten ari dira lanketaren ondoren. Ezin dugu ahaztu ebidentziek diotena, alegia, kontzientzia fonologikoa berariaz lantzeak irakurtzen ikasteko oinarri sendoa ezartzen duela. Zaragueta Herri Eskolan, behintzat, ildo horretatik jarraitzeko asmoa dugu eta sareko beste ikastetxeak ere horretan konprometitu dira.