EquiReds sareko eskolen bisita

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta herri eskola 2026ko apirilaren 20a

Aurreko ostegunean, EquiReds sareko sei eskoletako profesionalek gure ikastetxea bisitatu zuten, kanpo espazioak eta eskolan egin diren eraldaketak bertatik bertara ikustera. 

Vigoko Carrasqueira, La Palmako Puntagorda, ValentziakoS. Miquel, Malagako Gandhi, Zaragozako Santo Domingo eta Zarauzko Orokietak EquiReds: ekitate, inklusio eta jasangarritasunerako hezkuntza-sarea osatzen dute eta gai horiek ardatz hartuta, Zaraguetak azken urteetan izan duen eraldaketari buruzko interesa agertu zuten. Hezkuntzako Eraldatzen sareko kide da Zaragueta eta horren arduradunak ere bertaratu ziren. 

Hasteko, kanpo espazioen eraldaketak pedagogikoki eta bizikidetzarako ekarri dituen onurak azaldu zituzten Belen Aberasturi zuzendariak eta Carmen Montoya ikasketaburuak. Ongietorria egin eta gero, Gela Egonkorretik hasi zuten bisita. Joan den ikasturtean Gela Egonkorretik zuzenean patiora irtetzen den sarbidea gehitu zen, ikasleen autonomia sustatze aldera.  Ondoren, parkearen diseinua azaldu zuten, besteak beste, bertako elementu naturalek (zuhaitzak, menditxoak, hondar-zuloa…) ikasleen mugimendu askea eta naturarekiko jakin-mina bultzatzen dituztelako. 

Segidan eskolako baratza ikustera joan ziren, eta bisita bukatzeko, Zaraguetako patioaren eraldaketaz aritu ziren. Bildu ziren irakasleek aipatu zuten aldian aldian behar berriak sortzen direla eta bat etorri ziren kanpo espazioak zaintzea eta beharretara egokitzea ezinbestekoa dela ikasleen ongizaterako eta eskola komunitatearen bizikidetzarako. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide