Eguerdian agur ekitalditxoa egin da frontoian. Lehendabizi DBH3koek agurra dantzatu diete zaharragoei, ondoren bi bertso kantatu dizkiete eskolako ikasle eta irakasle guztiek, tutoreak argazkitxo bana eman die DBH4koei oroigarri gisa, eta bukatzeko, “Negua joan da ta” elkarrekin abestu eta diplomak banatu dizkiete ikasleei eta irakasleei. Urtero bezala, hunkigarria izan da. Ikasle eta irakasle ohi batzuk ere etorri dira, eta txikitatik eskola honetan pasa dituzten urteak bere marka laga dute, ikasleen agur hitzetan antzeman den bezala.
Agur ofizialaren aurretik, ordea, kalejira aparta egin dute pasiloetatik HHko ikasleek: Asier trikitixan, Ibai irakaslea eta Amaia panderoan, eta erraldoiak eramaten LHko Luka eta Bathie; gustura ibili dira, gora eta behera eskolako txikienak.
Horrenbestez, agurtu dugu aurtengo ikasturtea. Ondo-ondo pasa oporrak!
*Hauek izan ziren abestu zizkieten bertsoak (doinua: Habanera)
Bi urterekin etorri
eta hamaseikin martxa,
hamalau urte eskolan
hori ez degu ez txantxa. (errepikatu berriz doinua hasieratik)
Talde honek txikitatik
eduki du “mucha martxa”,
beti antzerkia egiten
txiste, kantu eta dantza.
Pake pixkat izango deu
hortan ez izan zalantza,
baina hutsunea ere
izango da oso latza
joan zaitete bakean
bete Lizardiko kantxa,
eta jarraitu e(d)ukitzen
izan zaretenan antza.
Ikasle batzuk jun ziren
Oriotik nonbaitera,
ta beste batzuk etorri
beste askoren antzera.(errepikatu berriz doinua hasieratik)
Irakasleak ere bai
ezin emanda tankera,
ta zuek bitarte hontan
gela batetik bestera.
Iritsi da momentua
uzteko alde batera
joan zaitezte gogotsu
Za(ra)utz ta Usurbil aldera,
oroitzapenak buruan
ta mingainean euskara,
ta harro altza zazute
Zaraguetako bandera.