Goizean ikasleen emanaldiak izan ziren frontoian, eta segidan patata tortilla lehiaketa. Gurasoen modalidadean Gari Osa Iriondok irabazi zuen, eta ikasleenean Deyan Iddirisu Arrillagak. Emanaldia bukatu eta gero, hamaiketako ederra osatu zuten lehiaketako tortillekin, eta bestelako jaki eta pintxoekin.
Dena den, hamaiketakoaren aurretik, eskertzen unea izan zen. Batetik, ama marokiarren partetik, eskolako zuzendaritza eta, bereziki, Ainhoa Zumeta zuzendaria eskertu nahi izan zuten: "Gure eskertza osoa adierazi nahi diogu gu eskolako egunerokotasunean parte izateko egin duen lan guztiagatik".
Bestetik, Ubera Guraso elkarteak Jaione Arrillaga eskertu zuen "sukaldari perfektua" izateagatik, eta horrelako jaietan egiten duen lan guztiagatik. Bazkal aurretik, Ibai Esoain gurasoak ipuinak kontatu zizkien haurrei, eta DBHkoek txikienei aurpegiak margotu zizkieten.
300 lagun bazkaritan
Bazkaltzeko 300 lagun elkartu ziren, bi txandatan. Tripa bapo beteta, DBH3koek bingoa antolatu zuten jendearen entretenigarri, eta bide batez, xoxa batzuk eskuratu zituzten datorren ikasturteko ikasbidaia finantzatzeko. Ondoren, berriz, Ostolaza eskolaren laguntzaz, herri kirolak izan ziren ikasleentzat, eta bukatzeko DJ Fisher aritu zen musika jartzen.
Bukatzeko, Orioko Herri Ikastola eskertu nahi dugu DJ Fisherrek erabili zuen musika aparatua uzteagatik.