ESKOLAKO FESTA, FRONTOIA GAINEZKA!

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2023ko eka. 19a, 09:37

Larunbatean Zaraguetako festa ospatu genuen eskolan Ubera guraso elkarteak antolatuta, goizetik iluntzeraino. Ikasleen emanaldiekin hasi eta karaokearekin bukatu genuen eguna. Bazkaltzen 300 bat lagun bildu ginen.

 

11etan ekin genion egunari HH eta LH ikasleen emanaldiekin. Segituan bete zen frontoia, eta txandan txanda, oholtza hartzen joan ziren txikienetatik hasi eta nagusienetaraino. DBHkoek, bitartean, txosnatxoa jarri zuten, eta ondoren txikienentzat jolas batzuk prestatu zituzten. Emanaldiak bukatu bezain pronto, parrilleko keak salatzen zuen moduan, hamaiketakoaren txanda iritsi zen. Tortilla lehiaketaren irabazlea ere orduantxe  jakin zen: Quintanilla familia.

Hamaiketakoa eta bazkari tarte horretan argazkia atera genuen, eta segidan, Jaione Arrillagak, Ubera elkarteko gurasoen izenean, eskerrak eman zien, banan bana, bazkaria prestatu zutenei gurasoei. Bateko eta besteko jaki goxo askoak zeuden aukeran, horrelakoxea izatea nahi baizen bazkaria, multikulturala, eskola bezala.

Bazkal ostean, bingoaren txanda ailegatu zen. DBHko ikasleek gidatuta, hantxe ibili ziren  zenbakiak gora zenbakiak behera sariak banatu eta banatu. Ondoren, Bide Batez taldearen txanda izan zen, erromeriarena. Giro polita sortu zuten frontoian, eta segidan, bukatzeko, karaokean abestera ausartu ziren hainbat ikasle. Ez dakigu horregatik izango zen, baina berehala tximista, trumoi eta euri zaparrada ederrak hasi ziren, goi eta behe.

Datorren urtean gehiago eta hobeto!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide