IKASBIDAIA AHAZTEZINA

Duela aste pare bat ikasbidaia izan genuen DBH4ko ikasleok. Lehenik eta behin, gurekin joan ziren irakasleei eskerrak eman nahi dizkiegu, baita bidai-agentziakoei ere, beraiek gabe ez zelako bidaia hau posible izango.
 
Lehenengo eguna

 

Oriotik atera eta Murillo de Gallego herrira joan ginen, Piriniotara. Bertan rafting egin genuen eta esperientzia ikaragarria iruditu zitzaigun. Rafting-a egin ostean, Agüerora abiatu ginen eta multiabentura deitzen dioten istorio bat egin genuen: tirolinak, eskalada, zubi tibetanoak…  Tirolinak asko gustatu zitzaizkigun, eta baita eskalada ere, nahiz eta altuerak inpresio handia ematen zuen. Zorionez, ez zitzaigun ezer gertatu, izan ere gure monitoreak oso trebeak ziren. Ekintzak bukatu eta gero, Calafell-era joan ginen, mediterranear kostara; hantxe genuen hotela.

 

Bigarren eguna

 

Bigarren eguna Bartzelonan pasa genuen, eta mapa interaktibo baten bitartez bertako toki nabarmenenak ezagutu genituen. Ondoren, denbora librea izan genuen bakoitza bere kabuz ibiltzeko. Hotelera iristean afaldu, prestatu eta denak batera gure ondoko hotelera joan ginen, diskotekara. Beste eskola batzuetako ikasleekin egon ginen, itzela izan zen.

 

Hirugarren eguna

 

Portaventuraren eguna. Nola ez, atrakzio askotan ibili ginen, eta gehien gustatu zitzaiguna altuera handiena zuena izan zen: Ba al dakizue zein atrakziori buruz ari garen? Shambhala, bai. Hotelera bueltatu, eta gau hartan ere, jakina, diskotekan ibili ginen.

 

Azken eguna

 

Azken egunean ez dizuegu kontatuko zer egin genuen, hain zuzen ere, “arriskutsu” xamarra izan zelako. Pim, pam, pum!

 

Bukatzeko, esan nahiko genuke oso oroitzapen polita geratu zaigula. Gainera, ikasturte osoan egindako lanagatik, esan beharrik ez dago ondo merezia genuela. Espero dugu, Zaraguetako hurrengo urtekoak gu bezain ondo pasa ahal izatea.

 

Nora Aissa, June Askargorta eta Lander Lazkanotegi

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide