Adin guztietan kirola egitea oso garrantzitsua da, eta ondorioz, gure eskolan lanketa handia egiten dugu ikasle guztiek kirola egin dezaten. Gure eskolako Eskola-Kiroleko arduraduna den Ander Agoteri galdera batzuk egin dizkiogu.
-Zenbat urte daramatzazu Zaragueta Eskolan lanean?
Bigarren ikasturtea da aurtengo hau, eta esan beharra daukat oso gustura aurkitzen naizela eskolako ume, irakasle eta guraso artean. Oso giro ona nabari da, eta edozein arazoren aurrean beti laguntza handia izan dut.
-Zein mailetan hasten dira Eskola-Kirola lantzen?
Eskola Kirola LH3tik LH6ra egiten da, baina LH1 eta LH2ko ikasleek ere izaten dute beraien saioa aste barruan, Jolas Hezi programaren bidez.
-Zenbat kirol lantzen dira Eskola-Kirolean?
Zorionez, gero eta kirol gehiago lantzeko aukera dute haurrek eta hori da gure helburu nagusienetako bat. Ez dira urte asko futbola, eskubaloia eta saskibaloia bakarrik egiten zirela, eta gaur egun ere, saio gehienak kirol hauek dituzten arren, asko igo dugu bestelako kirol eskaintza. Aurten adibidez, errugbia, judoa, irristaketa, arrauna, surfa, atletismoa, triatloia, krosa, pilota, herri kirolak, kirol egokitua eta orientazioa praktikatzeko aukera izango dute.
-Zein dira Eskola-Kirola lantzearen helburuak?
Lehen esan bezala, nagusienetako bat, haurrak kirol ezberdinak ezagutu eta probatzea da. Azkenean, kirola egitera bultzatu nahi ditugu, aktiboak izatea eta horretarako beraiek gustukoa duten kirola bilatzea ezinbestekoa da. Gure helburua horretarako baliabideak ematea da.
Eskolako heziketa prozesuari ere ekarpen ezberdin bat egiten diogula iruditzen zait, eguneroko testuingurutik ateratzen den ekintza bat delako, eta haurrak ezberdin jokatzen dutelako. Elkarlana eta talde nortasuna bultzatu nahi ditugu gehienbat, baita aurkariekiko, entrenatzailearekiko eta epaileenganako errespetua ere.
-Non egiten dira entrenamenduak?
Aurten, lehen aldiz, saio guztiak Zaraguetan egiten dira. Obra berriekin izugarrizko tokia geratu da eskolako saioak egiteko, eta ezin dugu kexarik izan dugun instalazioarekin, luxu bat da.