SIESTA

Bi eta hiru urtekoen SIESTA

Gurean 2 zein 3 urteko umeek dute siesta egiteko aukera. Siesta egiteak hainbat abantaila ditu, bereziki haur txikientzat. Hiru urtetik beherakoentzat oso onuragarria da. Atsedenaldi horretan haurrak indarberritu egiten dira, epe laburreko ikaskuntza eta memoria hobetzen dituzte... Horrez gain, lagundu egiten du haurrak gehiegizko neke-egoeretara ez iristen.

Argi izan behar dugu umeen siestaren funtzioa errendimendua hobetzea, digestiorako energia berreskuratzea, ongizate orokorra hobetzea eta funtzio kognitiboak sustatzea dela. Hau guztia horrela izanik, 2 zein 3 urtekoek gure eskolan siesta egiteko aukera bermatua dute.

Mari Carmen Egurzarekin kontu kontari ibili gara. Berak eskolako siesta garaiko begirale lanetan urteak daramatza. Siestara joan aurretik, giro atsegina sortzen du Mari Carmenek, haurrak siestarekin erlazionatuko duen errutina eginez: erritmoa jaitsi,  lasaitu, musika leuna jarri, abesti politak abestu... Berak dioenez, “bakoitza bere ohetxoan etzan eta gehienek bakarrik hartzen dute lo. Batzuei lagundu behar izaten diet laztanak eginez…”.
Siesta garaiarekin loturiko errutinetan umeak beraien autonomia garatzen doaz. Mari Carmenen hitzetan “ikasturte hasieratik hona oso ondo ikasi dute beraien kabuz oinetakoak kentzen”.

Eskolako siesta gela lo egiteko leku aproposa eta goxoa da, umeen beharretara egokitua. Umeak beraien erreferentziazko irakasleekin esnatzen dira, goxo eta etxean bezala. Amaitzeko, esan haurtzaroan siesta egitea funtsezkoa dela, batez ere, lehen hiru urteetan.


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide