2022an Santo Tomas eguna abenduaren 23an ospatu dugu. Urteko gure azken eskola eguna izanik, egun hori aukeratu dugu. San Juanetik barrena jaitsi diren Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egin diegu.
Oso hunkiturik geratu gara eta aho bete hortz, gainera. Haurrak liluraturik eta beren bizipoza agerian utzirik, goiz aparta pasatu dugu.
Garai batean, Santo Tomas egunez baserriko maizterrek nagusiari urteko errenta ordaintzen zieten, eta ordainetan bakailaoa jasotzen zuten. Bien bitartean, Orioko Esperientzia Eskolako gizon-emakumeak usadioari segituaz, taloak egiten aritu dira.
Mertxek badaezpadako orea egin digu, eta gustura asko jan ditugu txistorraz beteriko taloak. 11:30etik 12:30era DBHko ikasleok LHko ikasleentzat jolasak antolatu ditugu. Elkarlan hau oso aberasgarria iruditu zaigu bi etapetako ikasleen arteko hartu-emana sendotzen baita.
Arratsaldez, berriz, mahai-jolasak eta beste hainbat joko landu ditugu giro ezin hobean. Gabon atariko giroan eta urte zaharrari agur esateko ere baliagarri suertatu da. Bihar goizean Guraso Elkarteek antolaturik, Gabon eskea irtengo da herritik barrena.