ZARAGUETA HERRI ESKOLAK 2021-2022 IKASTURTEKO MATRIKULAZIO KANPAINA HASI DU, “ZARAGUETA DENONTZAT ETA DENONA” LELOAREKIN

Urtero bezala, ohartzerako etorri zaigu matrikulazio kanpaina martxan jartzeko garaia. “Zaragueta denontzat eta denona” leloa erabiliko da aurten. Honekin, Orio Herriak duen Eskola publikoa Zaragueta dela adierazi nahi da.

 

Rosa Velez zuzendariaren hitzetan, “hezkuntzak herritar ororentzat oinarrizko eskubidea izan behar duela sinesten dugu, eta egunero gogor egiten dugu lan horren alde, kalitatezko eskola publikoa izateko. Ikasleak hezten ditugu bizitzan eta munduan ondo molda daitezen, bakoitzak bere bidean eta bere dohainekin aurrera egiten ikas dezan”.

 

Matrikulazio epea urtarrilaren 18tik urtarrilaren 29ra izango dute zabalik.

Urtarrilaren 16an, eskolako ateak zabalik izango dituzte 10:30ak eta 12:30ak artean, ikastetxea bertatik bertara ezagutu nahi duen ororentzat.

Urtarrilaren 20an, asteazkena, bilera informatiboa egingo dute eskolan bertan 18:00etan,  Saioa elebiduna izango da.

 

Eskolan, etxean bezala

 

Zaraguetaren ezaugarri bereizgarriena irakasle eta ikasleen arteko konfiantza eta gertutasuna da.

 

HHko arduradunak dion moduan “gurasoek beren seme-alabak eskolan matrikulatzen dituztenean, bi kezka dituzte buruan; alde batetik haurraren heziketa, eta bestetik ondo zainduta egotea; eta hori da gure eskolan egiten duguna. Horretarako, ikasle ratio benetan onak ditugu, instalazio ederrak eta lan-talde inplikatua. Gure eskolan, haurrak etxean bezala sentitzen dira lehen momentutik. Zaraguetan, haur bakoitzak heziketa erabat pertsonalizatua jasotzen du. Horrek ezberdintzen gaitu; eta hori aurrera eramaten  dugu bai 2 urteko txikienekin eta baita 16 urteko ikasleekin ere. Honetaz gain, gure eskolaren izaera dela eta, guraso, ikasle eta hezitzaile orok ezagutzen dugu elkar, eta harremanak oso gertukoak dira.”

 

Eskolako instalazioak eta ingurunea berdea ere nabarmendu ditu arduradun horrek. Ikastetxearen balio bereizgarri gisa “eskolaren bueltan dugun ingurune natural eta berdeari esker, ikastetxeko txoko bakoitzetik natura usaindu daiteke; umeak hezteko, leku benetan sanoa da gure eskola.”

 

 

 Zaraguetan, eman doinua euskarari

 

Joseba del Olmo guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan,Zaragueta eskolaren izaera euskalduna da guztiz. Euskara da irakasle, ikasle eta gurason artean gehien entzuten den hizkuntza. Euskalduntasunaz gain, ikastetxearen izaera markatzen duten beste balio batzuei ere egin die Josebak aipamena: inklusiboa, hezitzailea, anitza, berritzailea, eleanitza, akonfesionala… eta noski, parekidea.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide