Atzean gelditu da beste uda bat, eta ikasturte berria hastearekin batera eta udazkena iristearekin batera, atal berria estreinatzera dator Karkara: Zaharrak Berri argazki zaharren atala.
Hilero, hileko lehen igandean, iraganari begira jarri, eta Aiako edo Orioko aspaldiko argazki bat aukeratu eta partekatuko du atari honetako erabiltzaileekin. Bi herrietako argazkiak txandaka plazaratuko ditu.
Aurreneko argazki zaharra Aiakoa da. Zarauzko pilotalekuan aizkora txapelketa bat jokatu zen 1923an, eta eskualdeko txapeldun izendatu zuten Aiako Leon Huegun, Txikito de Aia ezizenarekin ezaguna zen aizkolaria. Aurten, 100 urte igaro dira gertakari hartatik, eta ordukoa da argazkia.
Indalecio Ojanguren da argazkilaria, eta Guregipuzkoa.eus webgunetik eskuratu da.
Karkarak aiarrak eta oriotarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–orio@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Orioko Kultur Etxeko lehenengo solairuan–.