Puntuka

Kontrarioa

Ezkerrean, Txikito; eskuinean, Keixeta. (Wikipedia)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Joan den aste horretan osatu dira hemeretzi hilabete poloniarrek atxilo hartu zutela Pablo Gonzalez kazetaria. Halaxe aipatu zuten, behintzat, noizbehinka hari buruz etortzen zaizkigun albiste eskasen artean. Ez dirudi Europa "zibilizatu" honetan horrelakorik gerta daitekeenik (epaiketarik gabe hainbeste hilabetez preso edukitzea), baina garbi dago oraindik ere ez daudela erabat bermatuta gizabanakoen askatasunak hain aurreratua eta demokratikoa omen den Europa distiratsu honetan.

Bederatzi urte eta erdi dira piztu zela Errusia eta Ukrainiaren arteko gatazka (Errusiaren aldeko gobernua irauli, eta oposizioak agintea hartu zuenean). Ondoren etorri ziren Errusiak Krimea bereganatu zuenekoa, Donbasseko gerra eta abar. Europar soilontzat, ordea, 2022ko otsailean hasi zen Ukrainako gerra, gure poltsikoetan sentitzen hasi ginenean, eta hortxe, gure hurbilean edo, gerra moderno eta anker bat piztu zitzaigula konturatu ginenean.

Putinek zabaldu (omen) zuen bere agindupekoen artean hura joan-etorri bat besterik ez zela izango, estatu-kolpea jo zuten bihurri haiek zigortu, behar bezalako gobernu bat ezarri, eta etxera itzuli. Ukrainakoek "ez dira aurrera pasatuko" esan (omen) zuten, eta "Europak eta Ameriketako Estatu Batuak gure alde daude". 

Joan dira bi urte eta erdi, eta gauza lehenean. Orain ez ditugu entzuten irrati-telebistetan ez tronpeta triunfalistak, ez iheslarien istorio mingarriak, ezta armetan "erregalu" egindako tanke eta hegazkinen kontuak ere. Noiz behinka dronen bat aipatzen dute, misil batek egindako txikizioa, eta han edo hemen hildako jendearen oihartzuna datorkigu. Baina gerrak jarraitu egiten du, nahiz eta guk gutxiago entzun hango danbatekoak. 

Non daude hasieran bi aldeko agintariek bota (omen) zituzten harropuzkeriak?

Egia bakarra: kontrarioaren indarrak kontuan izan behar direla lehian hasi aurretik. Eta hori argitzeko, hona hemen kontakizun bat.

1925eko otsailaren 22an Zarauzko Zinema pilotaleku berrian (1920. urtean zabaldu zituen ateak, gaizki ez banago) sekulako aizkolapustua jokatu zen. Eguraldi zakurra zen, negu-giro zakar hotza eta berdea. Hala ere, hiru mila ikusle bildu omen ziren desafioa ikustera. Pentsa nolako ikusmina (eta apusturako grina) zegoen. Aizkolariak (bi kontrarioak) Keixeta eta Leon Txikia ziren. 

Bat, Jose Aranburu Keixeta, Azpeitiko Aratzerrekan jaioa, 43 urtekoa, Urrestillako Keixeta baserrian bizi zena, aizkolari handia, baina kirolerako edade batekoa (hamahiru urte zeramatzan apusturik egin gabe). Bestea Leon Huegun Leon Txikia, egunkarietan Chiquito de Aya, 28 urteko sasoi beteko aizkolari trebea. 

Keixetaren ordez, haren erakuslea, Atxumarria, eta Leon bera joan omen ziren Lekunberriko baso batera egurrak aukeratzera (denak baso beretik aukeratzea zen jokorako tratua). Hamabi kana-erdiko (40 bat zentimetrotako diametroa) eta sei oinbiko (54 zentimetrotako diametroa) hautatu behar zituzten. Leon aiarraren ahalegina izan omen zen enborrik bihurrienak aukeratzea, adabegiz beteak eta mozten zailak. Aukeratzen ari zela, Atxumarriak esaten omen zion: "Bota, bota! Hiretzat onak baldin badira, guretzat ere ez dituk txarrak izango". Atxumarriak, dena dela, enbor bihurriren bat edo beste eraman omen zizkion Keixetari, hark ikus zezan nolako aukeran aritu zen aiarra.

Apustu egunean sukarrarekin joan omen zen zaharra Zarauzko pilotalekura, eskua loturaz babestuta aiar gaztea. Hala ere, desafioarekin aurrera egitea erabaki zuten biek. Keixetak gorriak eta beltzak pasatu behar izan zituen sukarrarekin eta gazteak aukeratutako enborrak zirela bitarteko. Eskuak odolduak eta sukarrari eutsi ezinik amaitu zuen. Gazteak, berriz, kafea pattarrarekin erruz edan omen zuen lanean ari zen bitartean, indarrak suspertzeko. Uko egin zion Keixetak pizgarriei, sukarrak sufriarazten bazuen ere. 

Borroka latz hartan, Keixetak, bere pattalaldiarekin, tipi-tapa jarraitu zuen. Leon aiarrak amore eman zuen amaitu aurretik, eta galdutzat jo zuen apustua.

Keixetak esan omen zion: "Leon! Ondo zegok kontrarioa izorratzea, baina hurrengorako ez hadi ahaztu heuk ebaki egin behar ditukela plazaratzen ditukan egurrak".

Hau da, kontrarioaren indarrak kontuan izan behar direla lehian hasi aurretik, Zinema pilotalekuan edo Ukrainako lurretan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide