Hondakin bilketa sistema berria

Edukiontziak egokitzen hasi da Udal Elkartea, hondakinak biltzeko sistema berria martxan jartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2018ko urt. 25a, 18:07

Jakina den bezala, otsailaren 1etik aurrera jarriko da martxan zaborra biltzeko sistema berria. Aurrerantzean Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko du hondakinen bilketa eskualde osoan.

Aldaketaren ondorioz, edukiontzi berriak jarriko dira herrietan (argazkikoak bezalakoak) eta errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel magnetiko baten bidez irekiko dira. Herritarrek etxean jasoko dituzte egunotan edukiontzi horiek irekitzeko txartelak.

Zalantzak-eta argitzeko, informazio-gune bat jarri da kultur etxean, egunero irekita dagoena astelehenetik larunbatera.

Aldatuko ez den edukiontzi bakarra beira biltzekoa izango da.

Lurpeko edukiontziak egokitzen

Orion instalatuta dauden lurpeko edukiontzietan ere aldaketa izango da. Udalak erabaki du horietako batzuk kentzea eta beste batzuk mantentzea. Mantenduko diren lurpeko edukiontziak sistema berrira moldatu behar dira eta horrek kostu eta lan dezente dakar. Udala hasi da probatan, egokitzapen hori modu egokian egiteko eta, behin probako aldia pasatuta, progresiboki egokituko ditu gainerako lurpeko edukiontziak.

Lurpeko edukiontziak egokitu arte ezin izango dira erabili eta, horien ordez, Udalak gune berriak jarriko ditu. Udala hasita dago dagoeneko gune berri horiek prestatzen eta saiatuko da trantsizio-aldi hau ahalik eta ondoen antolatzen, herritarrei aparteko eragozpenik ez sortzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide