Oharkabean pasatzen ez diren jantziak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain

Honakoa da Julene Sorarrain kazetariak urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Moda atalean idatzitako iritzi artikulua. 

Nire lankideek praktikatzen dituzten kirol guztiei buruz hitz egitea gustuko dute, eta, jakina, jarduera horietako bakoitzerako erabiltzen dituzten jantziei buruz ere bai. Running-a, txirrindularitza, mendi ibiliak edo total training-a: badirudi kirol bakoitzerako ekipamendurik egokiena dutela, haien armairua Decathlon bera balitz bezala. Nik, ordea, kirola egiteko kamiseta zahar bat, praka erosoak eta aspaldi ordezkatu behar nituzkeen zapatilak erabili izan ditudanez, ez dut nire burua sekula elkarrizketa horietan parte hartzeko gai ikusten.

Bitxiena da azken hilabeteotan, laneko kontuak tarteko, astero ikusi behar izan ditudala kirol ekipamenduak, bereziki arraunekoak. Eta, ia konturatu gabe, horiei erreparatzen hasi naiz. Arraunaz hitz egitea estetika jakin batez hitz egitea ere bada. Traineruak, talde bakoitzaren koloreak, ezkutuak eta elastikoak: ur ertzetik ikusita, tripulazio bat ezagutzeko aukera ematen dute, traineru barruan nor doan jakin aurretik.

Ekipazio modernoenak ere gauza sinple bat esaten jarraitzen du: hauek dira gureak

Euskal arraunlarien arropa asko aldatu da, baina ez, beharbada, dirudien bezainbeste. Antzinako argazkiek jantzi sinpleak erakusten dituzte, eguneroko arropatik gaur egungo ekipazio teknikotik baino askoz ere gertuago daudenak. Denborarekin, kotoiak lekua utzi zien ehun sintetikoei; jantzi arinagoak eta doituagoak egiten hasi ziren; eta unisuit-a agertu zen, gaur egun lehiaketarekin zuzenean lotzen dugun bigarren azal moduko hori.

Baina bada irauten duen zerbait: koloreak. Izan ere, euskal arraunean ekipazioa ez da arropa hutsa; identitatea da. Urdina, gorria, marroia edo horia ez daude apaintzeko: herri bat irudikatzen dute, klub bat, historia bat. Ezkutu eta kolore horien azpian, orain, hezetasuna kudeatzeko, mugimendua errazteko eta uraren baldintzei aurre egiteko diseinatutako ehunak daude. Jantzia gero eta sofistikatuagoa da, baina haren funtzio sinbolikoa ez da aldatu.

Kirol modak errendimenduaz hitz egin ohi du. Euskal arraunak, ordea, gogoan du kirola kide izateaz ere mintzo dela. Azkenean, ekipazioa munduko material aurreratuenekin eginda egon daiteke, eta, hala ere, gauza sinple bat esaten jarraitzen du: hauek dira gureak. •

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide