Garai azkarretan gorputza biziz

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Farace

Honakoa da Jesica Farace yoga adituak urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Akuilua hartuta atalean idatzitako iritzi artikulua. 

Udazkena iritsi da, eta, berarekin batera, presa ere bai. Lanera bueltatzea, ikasturte hasiera, betetzen diren agendak... Erritmoak eramaten gaituen sentsazio ia saihestezin hori. Inertzia horren erdian, erantzun automatikoa izan ohi da norberari gehiago exijitzea: errutinan indarrez sartu, hortzak estutu eta aurrera egitea. Baina, oraingoan, errutinara beste leku batetik itzultzen saiatzen bagara?

Kontua ez da erantzukizunei muzin egitea, ezta bete beharreko zereginik ez balego bezala jokatzea ere. Horiei heltzeko lekua aldatzea da kontua. Dagokiguna konpromisoz egin dezakegu, baina geure buruarekiko begirada askoz atseginagotik abiatuta. Autoerrukiak gidatutako itzulia ez da ahulezia, ezta konformismoa ere, norbere burua zaintzeko eta maitasun propioa izateko modu sakona baizik.

Lehen pausoa bizi garen etxea berriro entzutea da: gure gorputza. Ingurua azkartzen denean, gorputza da beti hitz egiten lehena. Batzuetan, sorbalda tenkaturik, masailezurra estuturik edo arnasa etenez egiten du, emanez airerik ez dela sartzen. Ohikoa baino azeleratuago egotea ez da akats pertsonala; gorputza da, besterik gabe, inguruneari erreakzionatuz. Horretaz konturatzea, segundo batez gelditzea, eta tentsio hori estali beharrean, gehiago entzutea ekintza eraldatzailea izango da.

Ingurua azkartzen denean, gure gorputza da beti
hitz egiten lehena

Egun aztoratu hauetan, gizatasun partekatuarekin gogoratzeak laguntzen du: sentitzen duzuna ez zaizu zuri bakarrik gertatzen. Ikasturte hasierak ia guztiok aztoratzen gaitu. Ez zaude irla batean, eta zure nekea ere ez da inperfekzio bat. Gauza beraren parte garela jakiteak zama ikaragarria kentzen digu gainetik, eta inguruari enpatia handiagoz begiratzeko aukera ematen digu, bai besteekiko, bai norberarekiko.

Hortik aurrera, autoerrukia zerbait aktibo bihurtzen da. Lanaldiaren erdian geldialdi zintzo bat egitean datza, eta samurtasunez galdetzea: zer behar dut une honetan? Eta, ahal den neurrian, ematea behar dudan hori.

Batzuetan, keinu bat bezain erraza da behar duzuna: eskua bularrera eraman, zeure berotasuna sentitu eta arnasketa motel pare bat oparitu, zure gorputzari salbu zaudela esateko. Beste batzuetan, ibilalditxo bat egitera ateratzea izango da, presarik gabe, aire freskoa eta oinpean lurra sentituz, pausoak kontatzeko eta helburuak betetzeko presiorik gabe.

Edo, agian, norbaitekin barrua hustu behar duzu; hitz egin, ez erantzun edo aholku magistral bat eman diezazuten, baizik eta pisua partekatzeko eta lagundua sentitzeko, besterik gabe.

Aurten, errutinara itzultzean, gogoratu etxekoengatik maitasun handiz egiten duzun guztia egiten jarrai dezakezula, baina zu ekuazio horretan sartzea ahaztu gabe.

Zure gorputza erritmo azkarretan bizi dezakezu, zeure buruari uzten badiozu zure baitako bira horiek erritmoz jaisten, eta barealdi txikiak aurkitzen badituzu eta maite duzun norbait tratatuko zenukeen pazientzia berarekin tratatuko bazenu zeure burua. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide